Oñatiko Euskaraldiko Hamaikakoaren aurkezpena egingo da gaur arratsaldean

2018/06/22
Card image cap
Euskaraldian parte hartuko duten hamaika Ahobizi eta Belarriprest aurkeztuko dira Foruen enparantzan

  2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean Euskal Herri mailan egingo den ekimena da Euskaraldia. Hamaika egunez hiztunak aktibatzea, ohituretan eragitea eta, azken batean, euskararen erabilera sustatzea helburu du Euskaraldiak. Bi rol nagusi proposatu dira hamaika egun horietarako: Ahobizi eta Belarriprest. Ahobizi, ezezagunei lehen hitza, gutxienez, euskaraz egingo die eta ulertzen duenarekin euskaraz jarraituko du nahiz eta haiek erdaraz erantzun.Belarriprest direnek berriz, euskaraz ulertzen dute eta hala egitea nahi dute, nahiz eta agian erdaraz erantzungo duten.

  Bi rol horiek beteko dituzten hamaika lagun aurkeztuko ditu arratsaldean Oñatiko Euskaraldia Batzordeak, hamaika egunetan Ahobizi eta Belarriprest izango diren hamaika lagun. Oñatiko Euskaraldiaren enbaxadore izango direnak. Beren konpromisoa publiko eginez, Oñatin ekimena zabaltzen lagunduko dute. Izan ere, hamaikako horretako kide bakoitzak beste hamaika laguni Euskaraldian parte hartzeko gonbita egingo die. Eta orduan 121 Ahobizi eta Belarriprest izango ditugu herrian. Eta 121 lagun horiek beste hamaika lagunekin euskaraz egiteko hautua egingo dute, eta orduan hala euskaraz berba eta entzuteko jarrera aktibo hori zabalduaz joango da.

  Euskaraldiko Batzordeak herritar guztiak gonbidatzen ditu ekimenarekin bat egitera. Eta bide batez, gaur 19:30etan egingo den ekitaldira hurbiltzera, hamaika laguneko taldearekin batera argazki jendetsu bat egin eta Euskaraldiari lehen bultzada emateko.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!