Oñatiko udala

Oñatiko Esperientzia gelak Sancti Spiritus unibertsitatean kokatzeko aukera mahai gainean du Udalak

2022/01/03
Card image cap
Unibertsitate zaharrak eskaintzen dituen aukeren proiektu azterlana egitea eskatu da

  Bizitza osoan zehar etengabeko ikasketa sustatzea da Esperientzia gelen oinarria, bereziki hirugarren adinekoen artean jakin-min hori betetzeko aukera eskaintzea, burua aktibo mantenduz partaideen bizi kalitatea hobetzeko. Udalak aspaldi dauka Oñatin Esperientzia gelak irekitzeko helburua eta egitasmoa jasota dago 2022ko aurrekontuetan. Baina kokapena behar da eta Sancti Spiritus unibertsitatea egokia izan litekeen jakin nahi da.

  Unibertsitate zaharreko espazioetan esperientzia gelak kokatzeko dauden aukerak aztertze aldera, hiru aurrekontu eskatu ziren eta hiruretatik Maialen-Amaia interiorismoak aurkeztutakoa lehenetsi da. Maialen-Amaia interiorimoak urtarrilaren 25era arteko epea izango du Oñatiko esperientzia gelak Sancti Spiritus unibertsitatean kokatzeko dauden aukeren proiektua landu eta aurkezteko. Azterlanak 2.000 euroko aurrekontua dauka.

  Gipuzkoako protokolo historikoen artxiboa Ibarrako eraikinera eraman zenean hainbat lokal hutsik geratu ziren unibertsitate zaharrean. Oñatiko esperientzien gelak bertan kokatzeko instalazio egokiak diren eta, beharrezkoa balitz, zein egokitze lan egin beharko liratekeen zehaztuko du Maialen-Amaia interiorismoak enpresari eskatu zaion azterlanak.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!