Oñatiko emakumeen eta gizonen berdintasunerako II. plana gizarteratzeko fasean dago

2021/09/23
Card image cap
Uztaileko osoko bilkuran aho batez onartu zen eta 2026ra arteko indarraldia izango du

  Udal web atarian, planak atalean eskuragarri dago Oñatiko emakumeen eta gizonen berdintasunerako II. planari dagokion dokumentu osoa eta ulerterrazagoa egiteko propio egokitu den aurkezpen laburtua. 2026. urtera arteko indarraldia izango duen plan berri honek 2020an bete zenaren jarraipena da baina lan ildo eta helburu berriak barneratzen ditu.

  Berdintasunerako I planaren indarraldia bukatuta, Berdintasun udal departamentuak hausnarketa tartea zabaldu zuen, egindakoa baloratu eta ateratako ikaspen eta ondorioekin Berdintasunerako II. plana diseinatzeko. Elhuyar Aholkularitzak gidatu du lanketa prozesua, eta udaleko Berdintasun departamentuko ordezkari politiko eta teknikoez gain, departamentu guztietako teknikariek, Emakumeen Kontseiluko kideek, talde feministetako ordezkariek eta emakume migratu nahiz pentsionistek ere parte hartu dute. Berdintasunaren ikuspegitik Oñatik egun dituen arazo eta erronka nagusiak identifikatu ostean, 5 ardatz, 13 helburu estrategiko eta hauetako bakoitza garatzeko neurriak jaso dira planean.

  Oñatiko emakumeen eta gizonen berdintasunerako plan Emakunderen berdintasunerako 7. planarekin lerratzen saiatu dira eta bost esku-hartze ardatz nagusi zehaztu dira, esan bezala. Baina horietako bi berezitzea erabaki da, estrategiko bihurtuz: berdintasunerako gobernantza da, bata, eta zaintza lanen ekonomia feminsta, bestea.

  Prentsa aurrean atzo egin zen aurkezpenean, planaren jarraipena ere bereziki azpimarratu zen; tarteko ebaluazioa egingo da beharrezkoak diren doikuntzak egiteko. Planaren betetze maila bezain garrantzitsua izango da duen irismen edo "inpaktua". Hori ere sistematikoki neurtzeko bideak jarri dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!