Oñatiko udala

Oñatiko emakume sortzaileen erakusketa egin asmo da

2024/02/05
Card image cap
Parte hartzeko izen-ematea ireki da gaur, otsailaren 14ra arte

  Emakume sortzaileen hamabostaldia egingo da martxoan eta, horren baitan, herriko emakume artisten lanen erakusketa egin nahi da. Edozein arte diziplina lantzen duten emakume sortzaileak gonbidatu dira parte hartzera, bai margolariak, eskultura egileak, taila edota bestelako arte sorkuntzan ari direnak. Ez da sortzaile profesionala izan behar eta norberak egindako sormen lana erakutsi nahi duen eta Oñatin jaio edo bertan bizi den edozein emakumek parte hartu dezake talde erakusketan. Baina aurrez izena ematea eta zer nolako lana eramango lukeen azaltzea eskatzen da, erakusketa ahalik eta anitzena gerta dadin. Alde horretatik muga bakarra jarri da, hau da, diziplina artistiko batean sormen lan asko aurkeztuko balira, aukeraketa egingo litzateke.

  Gaur ireki da erakusketan parte hartzeko izen-ematea, otsailaren 14ra arte. Izena Kultur etxean eman liteke, dagokion orria beteta, edo www.oñati.eus atarian zintzilikatu den formularioa beteaz. Informazio gehiagorako Kultur etxera telefonoz deitu (943 780 353) edo posta elektronikoz zuzendu daiteke (kultura.idazkaritza@onati.eus). Jasotako eskaera guztiak baloratuta, otsailaren 26an erantzungo dira.

  Lehen aldia da emakume sortzaileen inguruko jardunaldiak egiten direla gurean, eta lehen aldia baita ere, herriko emakume sortzaileen erakusketa bateratua antolatzen dela.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!