Oñatiko udala

Oñatiko ELTZIA proiektua nola garatu den aurkeztuko da “Herritarrekin saretzen II. Topaketetan”

2015/06/08
Card image cap
Foru Aldundiak antolatutako topaketok etzi egingo dira Donostiako Kursaalen

  Eltzia, sormenaren etxia. Erakundeen rola herrigintza egitasmotan izenburua duen ponentzia aurkeztuko dute Nerea Zubia funtziotan den kultura zinegotziak eta Johana Olabarria Bagara elkarteko ordezkari eta egitasmoaren dinamizatzaileak.

  Herritarrekin saretxen  II. Topaketak antolatzearen helburua Euskal Herriko eta bereziki Gipuzkoako udal eta elkarteetako ordezkariak eta langileak biltzea da, azken lau urteotan partaidetzaren inguruan egin diren esperientziak aztertzeko. Herritarren partaidetzan urratu den bidea eta etorkizunerako erronkak aztertzeko topagune bihurtu nahi da asteazkenean Kursaal jauregia. Era berean, partaidetzan ari direnen arteko harremanak estutzea ere lortu nahi da.

  Duela bi urte egin zen I. topaketa eta orduan bi urtetan egindako urratsak izan ziren aztergai. Lau urteko ibilbidea amaituta, Foru Aldundiak, udalek eta herri mugimenduek partaidetzaren inguruan Gipuzkoan ehundu duen sarearen emaitzak plazaratu nahi ditu. Topaketek, ehundik gora lagun bilduko dituzte.

  Herritarrekin II. topaketak, goizeko 9etatik arratsaldeko 18.00etara luzatuko dira. Lehen bi ordutan, sei espazio ireki eratuko dira, partaideak, nahi eran, batera edo bestera bilduz. Gipuzkoan azken legealdian izan diren parte hartze esperientzia ezberdinak , partaidetzazko aurrekontuak udal mailan nahiz lurralde mailan, parte hartzea eta generoa, mugimenduak elkarrizketan eta elkarlanean, demokrazia zuzena Gipuzkoan eta parte hartze prozesuaren diseinua izango dira eratuko diren sei guneak.

  11.30tatik 13.30tara berriz, esperientzia konkretuak ezagutuko dira, bai Gipuzkoa nahiz Europa mailakoak. Une horretan azalduko da Eltzia sormen gunean eraman den parte hartze prozesua.

  Bazkalostean azkenik, parte hartzeari buruzko bi hitzaldi egingo dira. Oscar Rebollo Bartzelonako unibertsitate autonomoko irakasleak, Gipuzkoan azken lau urteotan izan diren partaidetza esperientziak oinarri hartuta egin duten kanpo ebaluaketaren inguruko hainbat zehaztasun azalduko ditu eta Raphael Hoetmerrek, Politika mugimenduan. Herritarren partaidetza birpentsatzen, krisialdi garaian izeneko hitzaldia eskainiko du.

  2011tik 2015era, Foru Aldundiak, Udalekin elkarlanean, 422 parte hartze esperientzia bultzatu ditu eta Udalekin ez ezik, herri mugimenduekin lankidetzan beste 63 esperientzia. Tartean, ETEO eraikin zaharrean gauzatzen ari den ELTZIA egitasmoa.   

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!