Oñatiko Elikagaien Bankuak 282 erabiltzaile ditu une honetan

2020/05/15
Card image cap
Eguneko menuak banatzen hasi dira Ausolan kooperatibaren ekarpenari esker

  Eskaerak handitu egin dira azken aste hauetan ACESMA elkarteak antolatzen duen Oñatiko Elikagaien Bankuan. Une honetan 282 erabiltzaile dituzte.

  Oñatiko Elikagaien Bankukoek astean birritan egin ohi dute laguntza banaketa, astearte eta ostiraletan, baina asteazkenaz geroztik, eguneroko bihurtu dira. Izan ere, Ausolan kooperatiba eguneko menuak eskaintzen hasi baita, bereziki haurrei zuzenduta, eskolak itxita jangela zerbitzurik ez baitute. Plater nagusi bat, fruta eta esneki batez osatzen da eguneko menu hori. Oñatin zenbat haur dauden eta zein elikadura ohitura edo tradizio duten zerrendatzen ari dira, guztien beharrak betetzeko nahikoa menu jaso eta banatzeko aukera izan dezaten. Ausolanen ekimen honek bi hilabeteko iraupena izango du, printzipioz. Laguntza garrantzitsua, esan bezala, eskolak itxita jangela zerbitzurik ez dagoen honetan.

  Oñatiko Elikagaien Bankuak Gipuzkoako Bankutik jaso ohi du erabiltzaileen artean banatzen duen generoa baina beste dohaintza batzuk ere eskuratzen dituzte. Berriki, Burgosko ekoizle batek emandako 2.500 Kg patata iritsi dira Oñatira. Erabiltzaileek oso gustura jaso dute generoa. Ekainean, Europar Batasunak urtean egiten dituen bi dohaintzetako bat jasoko da. Kopuru eta kalitate bereziko dohaintza da eta hori ere gustura hartzen dute herriko erabiltzaileek.

  Oñatiko Elikagaien Bankuaren egunerokoa aurrera eraman ahal izateko herriko erakundeen arteko lankidetza hitzarmena sinatu zen iaz Udalak, ACESMAk, Elkarzabal taldeak eta CEAR Oñatik.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!