Oñatiko udala

Oñatiko EH Bilduk udal hauteskundeetarako herritarren ekarpenak jasotzeko postontziak jarriko ditu herriko gune ezberdinetan.

2015/02/03
Hautagai zerrenda osatzeko prozesu irekia ere abiaraziko du.

  EH Bilduk maiatzeko hauteskundeak prestatzen jarraitzen du. Larunbatean II.hauteskunde tailerra eta alkategaiaren aurkezpena egin ondoren, emango dituzten hurrengo urratsak jakinarazi dituzte. Herriko hainbat tokitan postontziak jarriko dira herritarren ekarpenak jaso eta lan taldeetan egindako proposamenak aberasteko. Postontzi horiek, kultur etxean, kiroldegian, Lagun leku elkartean, Udaletxean eta Super BM-n jarri asmo ditu EH Bildu taldeak.

  Horrekin batera, herriko eragile ezberdinekin aldebiko bilerak egingo dira programaren zirriborroa aurkeztu eta beraien ekarpenak jasotzeko.

  Orain arte proposamenak zortzi arlotan landu badira ere, aurrerago, beste lau lan talde lantzen ari direnen inguruko eztabaida zabaldu asmo dute. Orain arte ongizatea, lurralde antolamendua, politika feminista, hezkuntza, sozioekonomia, gazteria, kirola eta kultura landu diren bezala, hizkuntza, aniztasun funtzionala, kultura eta jatorri aniztasuna eta parte hartze politika eta barne kudeaketa eredua dira aurreragorako utzi diren eztabaida gai edo arloak.

  Bien bitartean, hauteskundeetarako zerrenda osatzeko prozesuari hasiera emango zaio. Prozesu irekia izango da eta herritar orok izango du bere proposamenak egin eta hautatua izateko aukera. Bide ezberdinetatik abiaraziko dira horretarako.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!