Oñatiko udala

Oñatiko EH Bilduk Iruñean ospatuko den Aberri Egunerako gonbidapena zabaldu du

2022/04/12
Card image cap
Autodeterminazio eskubidea eta euskal errepublikaren aldarrikapena egingo da igandean

  Hainbat herritar elkartu ziren pasa den astearen hondarrean, EH Bilduk Iruñean ospatuko duen Aberri Egunari babesa eman eta oñatiarrak bertaratzera gonbidatzeko.

  Amaiurko guduaren 500. urteurrena eta lehen Aberri Eguna ospatu zeneko 90.a uztartuz, Euskal Errepublika, bakea, burujabetza, demokrazia lemapean Iruñean ospatuko du Aberri Eguna EH Bilduk, igandean, apirilaren 17an. Manifestazio nazionala antolatu da 12:00tan baina egun osoko aldarrikapen festa izango da. Oñatitik joan-etorriko autobusa izango da, 9:30tan postetxe paretik irtenda. Izena Arrano tabernan eman behar da.

  Euskal estatuaren aldeko aldarria egingo da Iruñeko kaleetan eta horretarako autodeterminazio eskubidea aitortu eta errespetatzea eskatuko da. Espainiako estatuan dagoen erregimen krisiaren aurrean euskal eredu politiko-soziala, ekonomikoa eta kultural herritarra aldarrikatuko dutela jakinarazi dute Oñatiko EH Bilduko kideek, Aberri Egunaren bueltan osatu duten idatzian eta iragana ahaztu gabe etorkizuna aldarrikatzeko eta eraikitzeko unea iritsi dela ere jaso da.

  Amaiurko guduaren erresistentzia irudia eta aurtengo Aberri Egunak komunitatearentzat topagune izan behar duela aldarrikatzen da Oñatiko EH Bilduk herriari zuzendu dion mezuan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!