Oñatiko bandera egokitzeko prozesua azalduko da Gipuzkoako armarri eta ikurrak aztergai dituen jardunaldian

2023/11/24
Card image cap
“Gipuzkoako armarria. Iraganean, orainean, etorkizunean” jardunaldia antolatu du Nabarraldek

  Armarriak oroimen kolektiborako unibertso sinbolikoaren parte diren aldetik, barne memoria lantzeko bitarteko garrantzitsua da, adituen esanetan. Horretan oinarrituta, Gipuzkoako armarriei, eta bestelako herri ikurrei, erreparatu eta tresna kontzeptual eta historiografiko gisa aztertuko dira bihar Hernanin, Gipuzkoako armarria. Iraganean, orainean, etorkizunean izeneko jardunaldian.

  Nabarralde Fundazioak eta Hernani Errotzen Elkarteak antolatu duten saioan, hiru ponentzia aurkeztu eta mahai-ingurua egingo dira. Ikurrak eta nortasuna gaiaz egingo den mahai-inguruan Gipuzkoako hainbat herritako ikurren inguruan izan diren eztabaida-prozesuak azalduko dira. Zizurkil, Bergara edo Oñatiko kasuen berri emango da; Iñaki Olalde hautetsiak Oñatiko bandera egokitzeko prozesua azalduko du. Gure herrietako nortasuna eraikitzen duten ikurrak, izan toponimia, kale izendegia, patroiak, ereserkiak edo banderak hizpide izango dira.

  Armarrietako irudiak gertakari historikoen sinbolo dira. Politagoak bihurtzeko, edo osagai ideologiko jakin bat txertatzeko eraldatu egin dira, sarritan. Alegia, nahita edo nahigabe, historia bera desitxuratzeko erabili dira. Horretaz hausnartzea da Nabarraldek antolatu duen jardunaldiaren helburua.

  Bihar goizeko jarduna itxiko duen mahai-inguruaren aurretik hiru hitzaldi eskainiko dira Hernaniko Biteri kultur etxean: sinbologia, kontakizuna eta historia, Gipuzkoako udal erregimena eta Antzuolako armarriaren aldaketa prozesutik Gipuzkoako armarrira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!