Oñatiko armarri eta banderaz, Arantzazuko ur horniduraz eta Araotzeko ostatuaz berba egingo da Osoko Bilkuran

2022/07/21
Card image cap
Osakidetzaz eta osasun sistema publikoaz bi mozio ere aurkeztuko dira

  Astebetez aurreratuta egingo da gaur uztailari dagokion Osoko Bilkuran. 16 puntuko lan zerrenda osatu da eta, tartean, herriko bi auzok protagonismo berezia izango dute: Arantzazuk eta Araotzek.

  Arantzazu auzoan ur hornidura arazoak daude aspalditik. Horren lekuko da Tokiko Gobernu Batzarrak 1998an jada auzoko ur-hornidura hobetzeko zundaketak egiteko erabaki zuela eta Arrikutzeko kobak proiektuarekin batera 2003-2004an inguruan gauzatu zirela. Orduan aurkitutako iturburu berriak sekula ez dira Azpilletako ur-hornidura sistemari lotu, eta egun mendian behera galtzen dira. Izan ere, Arantzazu auzoa bi ur-depositutik hornitzen da: Azpilletako ur-depositutik eta Goiko-Bentako ur-depositutik. Bi sistemen konexioa gauzatzeko Udalak eta Gipuzkoako ur kontsortzioak hitzarmena sinatzea proposatuko da gaurko bileran.

  Araozko auzoak ostatu berriaren donazioa egingo dio Udalari 10 urtetarako, baldin eta udalbatzak arratsaldean onartzen badu. Era berean, osatatuaren inguruko urbanizazioa gauzatzeko Udala eta auzoaren arteko IV. Lankidetza hitzarmena sinatzea proposatuko da.

  Herriko armarria eta bandera heraldika arauetara egokitzeko egin beharko liratekeen aldaketez ere berba egingo da arratsaldeko Osoko Bilkuran. Bestalde, bi mozio idatzi jaso dira lan zerrendan; biak osasun sistema publikoaren ingurukoak dira baina udalbatza osatzen duten talde bakoitzak berea aurkeztuko du.

  Arratsaldeko 18:30tan hasiko da udako oporren aurreko azken Osoko Bilkura.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!