Oñatiko 72 gaztek bihar hasiko dute selektibitatea
Horixe izan zen pasa den astearen hondarrean herriko ikasle eta ikastetxeetako arduradunek jaso zuten ezustekoa, alegia, azterketak hiri ezberdinetan egin beharko dituztela, azken urteetan denak Eibarra elkarrekin joan badira ere. Baina pandemia protokoloa betetzeko azterketa-gune gehiago jarri dituzte eta Txantxiku ikastolakoek Donostiako Psikologia fakultatera joan beharko dute eta elkar Hezi eta institutukoek Eibarko Ingeniaritza eskola. Ondorioz, joan-etorrietarako bi autobus antolatu behar izan dira. Donostiara joateko autobusa bihar 7:00tan eta asteazken eta ostegunean, 7:30tan abiatuko da postetxe aurrealdetik, eta Eibarra joateko, 7:30tan bihar eta 8:00tan etzi eta etzidamu. Izan ere, USE edo Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazio proba asteartetik ostegunera luzatuko baita. Goizean bezala, arratsaldean ere autobusa izango da Oñatira itzultzeko.
Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazio proba egitera doazen oñatiarrak 72 dira guztira: 35 Txantxiku ikastolakoak dira, 21 Elkar Hezikoak eta 16 Oñati institutukoak. Ikasleek nortasun agiria eta matrikula ordain-agiria eraman beharko dute. Azterketa aretorako sarrera modu mailakatuan egingo da eta ikasle bakoitzak leku bat izango du esleituta gelan. Guztiek musukoa eraman beharko dute eta sarreran eskuak gel hidroalkoholikoz garbitzea eskatuko zaie.
Iaz bezala aurten ere, proba malgutu eta azterketen hautazkotasuna handitu da. Horrek esanahi du azterketa bakoitzeko A eta B aukeretako galderak modu ordenatuan nahasteko aukera emango zaiela ikasleei, beti ere, galdera bakoitzaren puntuazioa gogoan hartuta.
Lehen deialdi honetara aurkezten den gehiengo zabal batek proba gainditzen du. Hala ez bada, bigarren aukera bat izango dute, uztailaren 6tik 8ra luzatuko den ez-ohiko deialdian.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!