Oñatiko udala

Oñatik eta oñatiarrek leku berezia izango dute EHUren Udako ikastaroetan

2024/04/24
Card image cap
Udako ikastaroen aurkezpen ekitaldia, atzo
"Arantzazun bizi" ikastaroa izango da Gandiaga topagunean eta bertsolaritzari buruzkoan Maider Arregik hitzaldia egingo du

  Aurten, lehenengo aldiz, EHUk eta Arantzazulab-ek Uda Ikastaro bat antolatu dute bertan, Arantzazuren eta Euskal Herriaren etorkizuna lotzen dituen bidexkak, naturalak zein kulturalak, elkarrekin aztertzeko. Bost mendeko ondare aberatsaz gain, Arantzazuko Santutegiak esanahi berezia du euskal kulturan: erabakigune eta elkargune garrantzitsua izan da, eta hainbat ezagutzek, arteak, tradizioak eta berrikuntzak, bat egiten dute bertan. Horren harira, Arantrzazun bizi: iragana, orainaldia eta etorkizuna zer? Ikastaroa antolatu da uztailaren 22 eta 23rako Arantzazun bertan.

  Lehenago, uztailaren 4an eta 5ean, Nondik eta zeri ari gatzaizkio bertsotan? ikastaroa ere izango da Donostian, Miramar Jauregian, Bertsozale Elkarteak bideratuta. Ikastaro honetan, besteak beste, Maider Arregi Markuletak hitzaldia egingo du. Bat-bateko bertsogintza garaikidearen sorkuntza mailako kezkei buruz hausnartzeko eta gogoetak partekatzeko gune izango da. Halaber, botere harremanak bertsolaritzan eta gai libreko bertsogintzaren gakoak azalduko dira. Eta azkenik, edukizko lanketari buruzko hainbat argibide plazaratuko dira. Hainbat hitzaldi eta mahai-inguru bat eskainiko dira bi egunetan. Saioa Alkaizak irekiko du ikastaroa eta Diskurtso guztiak errespetagarriak dira? hitzaldia egingo du eta segidan gaiak kantatzerakoan dugun zilegitasunari buruz ariko da Maider Arregi oñatiarra. Beste hainbat bertsolarik ere parte hartuko duten ikastaroaren hitzaldi eta mahai-ingurutan: Onintza Enbeitak. Oihana Aranak, Jexux Mari Irazuk, Alaia Martinek, Imanol Artolak, Aitor Bizkarrak, Oihana Iguaranek, Oihane Pereak eta Beñat Gaztelumendik.

  Ekainaren erdialdean hasi eta irailaren amaiera ia 200 jarduera programatu dira. Ikastaro multzorik handiena Donostian, Bilbon, Gasteizen eta Baionan egingo da, eta, hirietatik harago Arantzazu, Azpeitia, Balmaseda, Beasain, Bermeo, Gernika, Hondarribia, Lesaka, Ordizia, Plentzia eta Zaldibiara hedatuko da eskaintza. Atzo aurkeztu zen eskaintza osoa eta izena emateko epea ireki zen, www.uik.eus atariaren bidez.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!