Oñatiko udala

Oñatik biztanleak galdu ditu azken urtean

2024/01/18
Card image cap
Urtarrilaren 1eko dataz 11.543 lagun zeuden Oñatin erroldatuta, urtebete lehenago baino 24 gutxiago

  Udaletxean, errolda datuak berritzeaz arduratzen den zerbitzuan eskuratu ditugun datuak dira. Ez dira datu ofizialak, horiek Instituto Nacional de Estadísticak ematen baititu. Baina jakinarazpen ofizialak oso atzeratuta iristen dira; 2023ko urtarrilaren 1eko errolda datua pasa den hilean argitaratu eta abenduko Osoko Bilkuran jakinarazi zen. Hori hala izaki, eta edozein errolda-aldaketa egiteko udal bulegoetara jo behar dela kontutan hartuta, bertatik jasotako datuak ontzat eman daitezke, nahiz eta gora behera txikiren bat egon litekeen, bereziki, beste herri batera bizitzera joan diren erroldatze jakinarazpenak asteetan atzeratu daitezkeelako.

  2023an 60 haur jaioberri erroldatu ziren Oñatin. Urteetan jaiotakoen kopurua ehun haur baino gehiago izan da gurean baina 2016tik ez da kopuru hori lortu. Txanponaren bestaldean hildakoen kopurua dago. 2023. urtean Oñatin erroldatuta zeuden 111 lagun hil ziren. Covid pandemia sortu zenetik erregistratu den hildakoen kopuru txikiena da. Jaiotza eta heriotza kopuruen aldea negatiboa izan zen iaz eta jaio baino 51 hildako gehiago izan ziren. Baina 2024a 24 biztanle gutxiagorekin hasi dugu, eta horrek esanahi du, jaiotza eta heriotzen arteko fluxua negatiboa izanik ere, kanpotik gurera bizitzera jende berria etorri dela, 27 lagun, hain zuzen.

  Pandemiaren lehen urtean, 2021ean, Oñatik biztanleria galdu zuen aurreko urtearekiko, baina geroztik, gehituz joan da. Azken urtean, ordea, goranzko joera hori eten egin da berriro. Urte hasieran, urtarrilaren 1ean, Oñatin erroldatutakoak 11.543 ziren. Horietatik 5.846 emakumeak ziren eta 5.697 gizakumeak. Azaldutakoak ez dira datu ofizialak, esan bezala. Horiek INEk ematen ditu eta 2024ko urte hasierari dagozkionak, urte akaberan jakinaraziko dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!