Oñati, errepidez, ordu eta erdiz isolatuta egon da goizean

11:30tatik 13:00 bitartean Oñati isolatuta egon da errepidez; Udanarako bidea itxita dago azken hilabeteotan, Olabarrieta parean egiten ari diren lanen ondorioz eta GI 2630 errepidean bertan baina Zubillagatik Elorregirako tartean lurjausia gertatu da, eta eguneko lehen orduan errail bat zabalik mantendu den arren, errepidea guztiz itxi da lurra eta arbol hondarrak garbitzeko. Garbiketa lanak pentsatu baino gehiago luzatu dira, mendiaren malda oso ezegonkor zegoelako. Ondorioz, auto ilara luzeak sortu dira bai Oñati aldera eta baita, San Prudentzioko biribilgunetik haratago, Arrasate eta Bergara aldera ere. Errepidea garbituta, trafikoa 13:00ak inguruan ireki da berriro.
Euri asko egin du azken orduetan, atzo soilik ia 60 litro metro karratu bildu ziren Oñatin eta horri, gaur eguerdira arte pilatu diren 12 litroak batu behar zaizkio. Horrek, lehendik jada nahikoa heze zegoen lurra mugitu arazi du eta ondorioz, herriko errepidetan lurjausiak gertatu dira. GI 2630 errepidean, Zubillagatik San Prudentziorako tartean ez ezik, GI 3592an, Araotzerako errepidean ere lurjausia izan da. Araotzen ere, errepideko errail bat itxita egon da goizean. Aipatu lurjausiak trafikorako oztopo handienak izan dira gurean baina han-hemenka beste lurjausi txikiagoren berri jasotzen aritu dira goizean zehar udaltzainak.
Haizeak ere egin ditu bereak, Garagaltzako hondakinen larrialdi guneko estalkiaren teilatu zatia eraman baitu. Kalte material txikiak izan dira, zorionez, inork ez du minik hartu.
Haize eta euri denboralea dena den, baretzen ari da eta datozen orduetan euri apur bat botatzeko aukera dagoen arren, ez da azken egun eta erdiko kopurutan eta indarrez izango. Haizea ere indarra galtzen ari da, nabarmen.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!