Oñati munduan zabaltzen egindako lana eskertu dio udalak Ganbara Abesbatzari

2017/07/04
Card image cap
Taldeak ostiralean eman zuen kontzertua hasi aurretik egin zitzaion aitortza

  Ibilbide musikal aberats eta oparoaren aitortza egin zion udalbatzak Ganbara Abesbatzari ostiral gauean, Kalean egitarauaren baitan parrokiako klaustroan kontzertua hastear zeudela. Mikel Biain, Nerea Zubia eta Lourdes Idoiaga arduratu ziren aitortza egiteaz. Herrian musika eta kantuarekiko egindako lana aipatu zuen Mikel Biainek eta nazioarte mailan Oñatiren izena zabaldu izana goraipatu eta eskertu zuen. Ganbara Abesbatzak nazioarteko hainbat lehiaketetan parte hartu izan du, azkena, maiatzean, Frantziako Tours hirian.

  Aitor Biain zuzendariak hartu zuen udalaren izenean alkateak emandako plaka. Abesbatzako zuzendariak pozik hartu zuen aitortza eta oparia, eta eskerrak eman zizkien abesbatza osoaren izenean. Ondoren, kantuan etorri zen Ganbara Abesbatzaren eskertza. Izan ere, Kalean egitarauaren baitan UDAKO GAUAK izeneko kontzertua egin baitzuten, ez hasieran iragarri bezala plazan, parrokiako klaustroan baizik, euriak hala eraginda.

  Ganbara Abesbatzak Tours-eko lehiaketan abestu zituen bost obra eskaini zituen ostiraleko kontzertuan. Errepertorio konplexua baina entzuteko ederra. Emanaldia beste doinu herrikoi eta ezagunago batzuez osatu zuten. Baina kantuan ez ziren bakarrak izan, Ganbara Txikik eta Hots abesbatza berriak ere parte hartu baitzuten. Euskal Herriko nahiz munduko folkloreko hainbat pieza eskaini zituzten entzuleak txalo ugariz eskertu zuen kontzertuan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!