Oñati institutuak goi mailako heziketa ziklo berria eskainiko du 2023-2024 ikasturtean

2023/04/19
Card image cap
Herriko lanbide heziketa eskaintza zabaltzen ari da

  Egokitzapen Fisikoko goi mailako heziketa ziklo berria da Larrañako ikastetxean eskaintzen ari direna. 2023-2024 ikasturtean hasiko da baina informazioa zabaltzen hasi dira, aurre-matrikula kanpainari begira. Oñati institutuak lanbide heziketaren arloan urrats berria emango du, orain arte falta zuen goi mailako eskaintzaren esparrua urratzen hasita; iaz abiatutako zabaltze prozesuan jarraitzen du.

  DBH titulurik ez duten gazteei zuzenduta Administrazioko Zerbitzuetako Oinarrizko Lanbide Heziketa ematen hasi dira 2022-2023 ikasturtean Larrañako ikastetxean. Bi urtetan oinarrizko profesional titulua ez ezik DBHko agiria ere lortuko dute ikasleek. Urteetan eskainitako erdi mailako hiru zikloak mantentzen dira: mekanizazioa, mantentze lan elektromekanikoa eta natura inguruneko eta astialdiko gidari lanak, eta azken honi lotuta, bereziki, goi mailako teknikari titulua eskuratzeko aukera izango da aurrerantzean Egokitze Fisikoko Goi Mailako Zikloa eginda.

  Lanbide Heziketa arloan maiatzaren 8tik 26ra izango da aurre-matrikula epea baina ikastetxeak hasi dira jada eskaintzen inguruko informazioa zabaltzen eta ate ireki jardunak antolatzen. Hala, aipatutako guztiari buruzko argibideak apirilaren 27an eta maiatzaren 6an egingo diren ate ireki jardunaldietan emango da Larraña ikastetxean bertan.

  Enpresagintza fakultatean eta Oñati gestio heziketaren eskutik badago goi mailako beste hiru heziketa ziklo ikasteko aukera gurean: salmenten kudeaketa, administrazio eta finantzak eta idazkaritza zuzendaritza. Kasu honetan ere ate irekiak antolatu dira. Bihar, 18.00etan izango da lehen jarduna eta maiatzaren 18an, bigarrena. Joateko interesa dutenei aurrez izena ematea eskatzen zaie 943 71 80 09 telefonora deituta.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!