Oñati Europako EMUSIK jaialdiaren egoitzetako bat izango da
Donostia 2016k Musika Eskolen Europako Jaialdiaren hamabigarren edizioa hartuko du. Maiatzaren 4tik 7ra, Europako milaka musika-ikaslek hartuko dute parte jaialdian. Egunik intentsoenak maiatzaren 6 eta 7a izango dira, Euskal Herria eta Errioxako 59 herritan programazio zabala eskainiko baita. Oñatin ere izango da halakorik. Maiatzaren 6 arratsaldean eta 7an goizean kalejira eta kontzertu bana egingo dira gurean.
Ostiral arratsaldean, Alemania eta Suitza-ko ikasleek joko dute eta zapatu goizean, Letonia eta Albaceteko Caudete herritik etorritakoak. Bi emanaldi horietan, Jose de Azpiazu musika eskolako ikasleek ere parte hartuko dute. Eta bi egunetan, lehen abestia eta amaierakoa, denek batera joko dute. Jaialdiei hasiera emateko Europako ereserkia joko da eta amaitzeko Musikatu bizitza EMUSIKerako propio konposatutako lana. Kontzertuak, Plazan jarriko den eszenatokian izango dira eta aurretik, jendea erakartzeko, kalejirak egingo dira.
Donostia eta beste 58 herri, eszenatoki bihurtuko dira beraz, maiatzaren 4tik 7ra Europako musika eskoletako 8.500 ikaslek emango dituzten 120 kontzertu baino gehiagotan.
Donostia 2016, Europako Kultur Hiriburuaren proiektua da EMUSIK. Herri bakoitzeko musika eskolez gain, Espainia, Bulgaria, Txekiar Errepublika, Danimarka, Estonia, Finlandia, Frantzia, Alemania, Hungaria, Italia, Letonia, Liechtenstein, Luxenburgo, Norvegia, Austria, Polonia, Eslovakia, Suedia, Suitza eta Herbeheretatik etorritakoak elkartuko dira. EMUSIK jaialdi bat baino gehiago izango da. Musika batzen gaituen hizkuntza komuna da premisa hartuta, kultura eta herrialde desberdinetako ezagutzak eta esperientziak partekatzeko aukera paregabea izango da, Europako herriak hurreratu eta hartu-emanetan jartzeko.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!