"Oñati eta bere altxorrak ezagutuz" ingurumen irteera egitaraua antolatu da 11 urtetik gorako gazteei zuzenduta
Iaz lehenengoko aldiz antolatu eta arrakastatsua gertatu zen ekimena da Oñati eta bere altxorrak ezagutuz mendi irteerak egitasmoa. Proiektua udalerriko gazteei,11 urtetik gorakoei zuzenduta dago eta uztailean zehar, goizez, garatuko da. Partaideen adina kontutan hartuta, hiru talde osatuko lirateke: 11-12 urtekoak, 13urtetik 15era eta 16 urtetik gorakoak eta talde bakoitzarekin bosna irteera egin asmo dira, seigarrena, guztiek elkarrekin osatuko dutelarik. Talde bakoitzarekin egingo den jarduna txandakatuz joango da eta hala, ibilaldiak hiru egunean behin izango dira talde bakoitzarentzat. Lehen irteera uztailaren 2an egingo da eta denok elkarrekin osatuko duten azkena uztailaren 21ean. Azken hau izan ezik, guztiak, astelehenetik ostiralera programatu dira.
Oñati eta bere altxorrak ezagutuz egitasmoak ingurumena, kirola eta aisialdia uztartzea du helburu. Hala, irteeretan inguruko auzo eta inguruneak ikusiko dira eta hainbat ezagutza esparru landuko dira: historia, herriguneko landaredia eta fauna, geologia, etnografia, ura, energia eta abar, beti ere, modu ludikoan eta kirol pitin bat eginez.
11 urtetik gorako neska mutilei zuzendutako proiektu honetan parte hartzeko izen-ematea zabalik dago. Interesa duenak mezu elektronikoa bidali behar du honako helbidera: ingurumenirteerak@gmail.com
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!