Oñati eta Arrasate arteko bidegorria domekan inauguratuko da.

2013/05/13
Ekitaldia, San Prudentzion izango da, eguerdiko 12tan. Aurretik, bizikleta martxa egingo da plazatik San Prudentzioraino.

  Oñati eta Arrasateko Epele lotuko dituen bidegorriak, 8 kilometro eta erdiko luzera du. Gipuzkoako Foru Aldundiak osatu du eta erakundeko arduradunen esanetan, azpiegitura garrantzitsua da ez soilik oñatiarrontzat baizik eta debagoiendar guztiontzat, Oñati eta Arrasate elkar lotu ez ezik, bizikletazaleentzat zaila zen San Prudentzioko errotonda gainditzeko, errepide azpiko pasabidea egokitu baita. Aste honetan, lanen azken xehetasunak gauzatzen ari dira eta guztia gertu izango da domekan egingo den inauguraziorako.

  Oñatiri dagokionean, bi fase edo zatitan egin dira San Prudentziora arteko bidegorria: Otadui zuhaiztia eta Zubillaga artekoa bata eta Zubillagatik San Prudentziora bestea. Bigarren hau, Epele eta San Prudentzio artekoarekin batera egin da. Herri gunetik Zubillagara artekoa, lehenago hasi zen baina biak aldi berean amaitu eta inauguratuko dira.

  Epele eta Oñati arteko bidea oinez zein bizikletaz egiteko modua izango da aurrerantzean. 8,5 kilometro inguru ditu bidegorriak, eta zatirik handienean  3,5 metroko zabalera dauka. Ia aldaparik gabeko ibilbidea da.

  Zubillagatik Epelerainoko tartean, nagusiki, trenbide zaharraren trazatua jarraitu da. Aipagarria da, lehen esan bezala, bidegorria San Prudentzioko bidegurutzea azpitik, errepide azpitik pasatzen dela. Baina ez da bidegorriak errepidea azpitik zeharkatzen duen puntu bakarra, kasablanka inguruan eta Madalenan ere, errepide azpiko pasabideak egokitu baitira. Horiexek izan dira, bidegorria egiteko lanek izan duten zailtasunik handiena eta hasierako aurrekontua garestitu dutena.

  Oñatitik San Prudentziorainoko bidegorria ezagutu ahal izateko, bizikleta martxa antolatu da domeka goizerako. 11etan, plazatik abiatuko da eta inaugurazio ekitaldia egingo den gunean amaituko da. 

  San Prudentzion egingo den ekitaldian, besteak beste, Larraitz Ugarte Mugikortasuneko eta Bide Azpiegituretako diputatuak parte hartuko du baina bertan izango dira biata ere, Oñati, Arrasate eta Bergarako udal ordezkariak eta inaugurazio ekitaldi honetan diputazioarekin batera elkarlanean ari den Txirrinka, Oñatiko bizikletazaleen taldeko kideak.

  Bidegorria inauguratzeko protokolo ekitaldiaren ondoren jolasak izango dira.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!