Oñatiko udala

oñati.bonoak.eus aplikazioa berriro aktibatuko da oparitarako bonu txartelak eskuratu ahal izateko

2021/12/01
Card image cap
Gabonetako oparietan tokiko merkataritza sustatzen jarraitzea da helburua

  Aurtengo bonu kanpainara bideraturiko dirulaguntzen poltsa agortu den arren, oñati.bonoak.eus web aplikazioa berriz jarriko du martxan Udalak ostiralean, abenduaren 3an. Gabonetara begira bertako saltokietan bonu txartelak erosteko aukera eskainiko zaie herritarrei berriro. Ez dira udalak diruz lagundutako bonoak izango baina opari-bono moduan erabili ahal izango dira Gabonetan.

  Bonuak erosteko orain arteko pauso berberak jarraitu beharko dira. Saltokiak oñati.bonoak.eus web orrian egongo dira ikusgai, eta herritarrek bi bide izango dituzte bonuak eskuratzeko: internet bidez, Eskuratu Bonu Txartela aktibo daukaten komertzioetan edo saltokira joanda eta zuzenean bertan erosita. Opari-bonoen gehienezko muga 200 euro izango da.

  Gabonetako opariak herrian egiteko beste aukera bat eskaini nahi du udalak eta bide batez, Erosteko orduan, nire lehen aukera, Oñati lemarekin bat egin. Kontsumoa handitzen den egun hauetan erosketak erantzukizunez egiteko gomendioa luzatu die udalak herritarrei, baina aldi berean, herriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuak erabiltzera animatuz eta bertakoa babestu dezaten eskatuz.

  oñati.bonoak.eus bidez burutu den deskontu kanpainaren balorazioa egin du udalak, eta oro har pozik agertu dira udal ordezkariak eta ekimenean parte hartu duten saltokiak ere. Aurtengo helburua kontsumoa sustatzeaz gain, tokiko saltokien aldeko sentsibilizazioa egitea zen eta kanpainak oso harrera ona izan du herritarren artean; horren adierazgarri 25 egunetan bonu guztiak agortu direla. Guztira 2.340 herritarrek parte hartu dute ekimenean eta 181.762,39 euroko salmentak bideratu dira herriko saltokietara. Abenduaren 3an amaituko da deskontu bonu hauek erabiltzeko epea.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!