Oñati abesbatzak Donostiako Gabonetako azokan abestuko du igandean

2023/12/01
Card image cap
Gipuzkoako Abesbatzen Federazioak zabaldutako gonbidapena onartu du

  Gaur ireki da Donostiako Gabonetako azoka, Urumea pasealekuan eta Ramon Labayen plazan. Urtarrilaren 7ra arte, salmenta postuez gain, tailer, ekintza eta emanaldi ezberdinak izango dira.

  Gipuzkoako Abesbatzen Federazioaren bitartekaritzaz, Oñati abesbatzak Gabonetako azokan parte hartuko du kontzertua eskainiz igande eguerdian, Urumea plazan jarri den karpan. Mirengu Plazaolaren zuzendaritzapean, eta Arantzazu Saiz pianojolea lagun, zazpi gabon kanta abestuko dituzte. Hurrengo egunetan ere izango da beste abesbatzarik Gabon azoka honetan, baina oñatiarrak lehenak izango dira.

  Europako erdialdeko tradizio handiko merkatuetan inspiratuta hasi ziren Donostian Gabonetako azoka muntatzen. Iaz, Europako Gabonetako hiriburu izendatu zuten, elkartasun, iraunkortasun eta inklusibitate balioetan oinarritutako proiektu bereizgarri bati esker. Donostiako Gabonetako azoka egunero irekiko da, urtarrilaren 7ra arte.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!