ONARO, Oñatiko telekomunikazio operadorea sortu du Udalak

2021/06/17
Card image cap
Internet banda zabala herritar guztien eskura jartzea da helburua

  Oñatiko udalak argindar sektorean duen esperientziaz eta azpiegituraz baliatu da telekomunikazioen mundura salto egiteko. Hala, ONARO sortu du, dagoeneko martxan den telekomunikazio operadorea. Egun oinarrizko zerbitzu bilakatu da Interneteko konexioa, baina Oñatiko etxe eta eraikin askok ez dute oraindik konexio duin bat. Landa gunean, esaterako, 210 eraikinek ez dute interneterako banda zabaleko konexiorik eta operadore handiek ez dute hutsune hori estaltzeko asmorik. Herritarren beharrei herritik erantzunez, Udalak telekomunikazio operadore propioa sortzea erabaki du.

  Landa guneetara banda zabala eramateko bi supernodo instalatu dira Belarren eta hilerrian, eta horri esker 30/30Mb-eko konexioa bermatuko da irrati-lotura bidez. Hala, une honetan, aipatu eraikinen % 85era internet lotura eskaintzeko moduan da ONARO, baina helburua, %100era iristea da. Epe ertainean berriz, herriko eraikin guztietara zuntz lotura ziurtatu nahi du Udalak, baita landa gunean ere. Kontutan izan behar da Oñargik baduela zuntz sare tronkal bat herrigunean eta hori etxeetaraino zabaltzea da asmoa, beti ere, herritarren interesaren arabera. Bitartean, beste operadoreen sareaz baliatuko da ONARO.

  Baina Udalak sortu duen telekomunikazio operadore berriak zerbitzu integrala emango du eta internet lotura on eta arinaz gain, telefono finko eta mugikor zerbitzua ere eskaintzen du. Eta beste hainbat abantaila ere bai, arreta zuzena, gertukoa eta engainurik gabea,  Xabier Igartu zinegotziak atzo egindako aurkezpenean esan zuenez. Hainbat neurketa egin direla ere esan zuen eta ONAROk beste operadore batzuk herrian eta egun ematen duten zerbitzuarekin konpetentzian aritzeko aukera duela argitu zuen.

  ONARO martxan eta zerbitzua emateko moduan da jada. Informazioa nahi duenak www.onaro.eus atarira jo dezake edo Bidebarrieta 24-an Oñargik duen bulegora, bertan topatuko baitu Onarok kontratatutako langilea. Tokiko operadorea aurkezteko berriz, saio irekia antolatu da ekainaren 30rako, Kultur etxeko zine aretoan izango da, 18:00tan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!