Olaran errekako zubiak birgaitzeko proiektua onartu du Diputatuen Kontseiluak

2019/05/11
Card image cap
Lanek 628 mila euro pasako aurrekontua dute eta lau zubien segurtasuna hobetuko du

  Diputatuen Kontseiluak, G-2630 errepidean, Olaran errekaren gaineko lau zubi birgaitzeko proiektua onartu zuen, astearteko batzarrean. Zubiak Olabarrieta auzoan daude, eta kalteak dituzte bereziki lauzen handitzeetan, armadura janda eta agirian duten eremu handiak baitaude. Proiektuaren arabera egun dauden hormigoizko handitzeak eraitsiko dira eta berriro egingo dira. Horretarako, aurrefabrikatutako hormigoizko lauzak erabiliko dira errepidearen zabalera osoan, obren eragina murrizteko asmoarekin. Lana horrela egitea erabaki da errepide erabiltzaileen segurtasuna bermatu eta zubien egiturek proiektatu zireneko balio-bizitza berreskuratzeko. Proiektua bi fasetan banatu da, obrek zirkulazioan eta errekan duten afekzioa txikitze aldera. 

  Asteartean onartu zen proiektuaren arabera hondatutako piezak garbitu eta, hala badagokio, berregingo dira, eta aurrez fabrikatutako lauzak jarriko dira galtzada osoa hartuz. Euste elementuak ere jarriko dira, hau da, hormigoizko karelak jarriko dira eta zoladura berrituko da. Lanek 628.278 euroko aurrekontua dute.

  Lanak bi fasetan egingo dira; lehenengo faseko lanak 13+320 eta 13+650 KP eta dauden zubietan egingo dira eta bigarrenak, 14+560 eta 14+840 KPetan daudenetan. Bi kasuetan trafikoa desbideratu egingo da.

  Olaran errekako zubiak birgaitzeko proiektua onartu den arren, lanak noiz egingo diren ez du aurreratu Diputazioak. Esleipen prozesua osatzeko baitago oraindik.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!