Olakuako merkatal gunearen inguruan hasi dira jada auzoko irisgarritasun lanak egiten

Udala eta auzoko elkartearen artean adostu ziren Olakuako urbanizazioa berritzeko lanak eta esleipena ere eskutik egin dute bi aldeek. Ugarte eraikuntza enpresak egingo ditu A2B Arquitectos etxeak idatzitako proiektuan jasotakoak eta Olakua 7-8 eta 9ko lurpeko garajeen inpermeabilizazio lanak. Aste honetan bertan hasi dira lau hilabetez luzatuko diren lanok egiten.
Udalak bost interbentzio nagusi aurreikusten ditu: Olakua 7 zenbakidun blokearen inguruan, Koma akademiaren aurrean arrapala egokituko dute eta zebrabide bat ere eratuko da. Super BM denda atzealdean dauden esekitokiak kendu eta errepidez bestalde jarriko dira parterreari zati txiki bat kenduta. Han ere zebrabideak egokituko dira. Olakua 8 eta 9 zenbakidun eraikinen arteko bidea plataforma bakarreko gune bihurtuko da espaloiak eta galtzada altuera berean jarriz. Olakua taberna aurrealdeko eskailerak berritu eta merkatal gunearen aurreko eskailerak berriz, kendu egingo dira. Egungo baranda luzatu egingo da 7 zenbakidun etxe blokearen pareko eskaileretaraino eta han arrapala egingo da merkatal zentrura iristeko. Azkenik, merkatal gunearen aurrealdean dagoen aparkalekuko bost leku hartuko dira zamalanak egiteko gune bihurtuz. Lanok 208.000 euroko aurrekontua dute.
Olakua auzoa aurreko mendeko 60. hamarkadan eraikitzen hasi zen auzoa da baina orain arte ez da interbentzio berezirik egin ingurua irisgarritasun neurrietara egokitzeko. Auzoa zabala denez, irisgarritasun lanok faseka egingo dira. Astean, Olakua 7-8-9 zenbakien ingurua berritzeko lanak hasi dira.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!