Olaiturriko kirolgunea estaltzeko proiektuaren esleipena egin da

2018/07/16
Card image cap
22+2 HABE izeneko proposmenak lortu du puntuaziorik altuena

  Olaiturriko kirol espazioa estaltzeko proiektua egiteko 9 proposamen aurkeztu ziren eta guztiak aztertu ondoren, MLMR Architecture Consultancy eta Garmendia Cordero arquitectos UTE-ari esleitu dio proiektua eta ondorengo lanen zuzendaritza, 102.000 eurotan (+BEZ). Jolaserako, kirola egiteko, kultur ekitaldiak burutzeko edo eguneroko topagune izateko estalitako espazio berria proposatzen du proiektu irabazleak, guztiz irisgarria eta Ubao errekarekin bat egingo duena. Horretarako, harmailak beste aldean jartzea proposatzen du, espazio berriaren eta errekaren arteko oztopo fisikoak ezabatuz.

  22+2 HABE izeneko egitasmoak, izenak adierazten duen bezala, luzetara eraikitako hormigoizko 2 habe handi eta zeharretara ezarritako egur laminatuzko 22 haberen arteko konbinazioa litzatekeen estaldura proposatzen du. Egurrezko habe hauen artean polikarbonatozko panelak jarriko lirateke, argiari pasatzen utzi eta euri-urak jasotzeko. Helburua herrian erreferentziazko espazio berri bat sortzea da, jolastu, kirola egin, kultur ekitaldiak burutu edo eguneroko topagune izateko estalitako plaza bihurtuz egungo jolasleku/aparkaleku irekia. Lehenetsi den proposamenak aipatu erabilerak egin ahal izateko espazioak eskainiko dituen aukera desberdinak zehazten ditu.

  Oso berdindua egon da lizitazio prozesua. Aurkeztu ziren 9 proposamanek aurrekontu berbera zuten, udalak finkatutako 102.000 euro (+BEZ) eta aurkeztutako proposamen teknikoen artean puntu gutxiren aldea izan da. Lizitazioa lortu duen MLMR eta Garmendia Cordero UTEak 29 puntu eskuratu zituen proiektu teknikoaren balorazioan eta puntuazioan 8. geratu zen enpresak berriz, 23. 6 puntu besterik ez lehenengo 8 proposamenen artean. 

  Lanak esleituta, proiektua osatzeko lau hilabeteko epea izango du MLMR eta Garmendia Cordero UTEak.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!