Olaitturri kultur elkarteak herri antzerki berria egingo du irailaren 24an

2016/06/21
Card image cap
"Lantzean behin" izeneko antzerkiak herriko idazle eta historialariek idatzitako kontu solteak batuko ditu

  Berezia izango da beraz, Olaitturri taldearen herri antzerki berria. Gai baten inguruko kontakizuna izan ordez, hainbat ipuin, istorio eta kontu solte batuko baitute. Baina guztiek izango dute hari lotesle bat eta horixe, herriko edo herrian egondako idazle eta historialariek jasotakoak direla. Hamasei saio ezberdinek osatuko dute lana eta guztiek aurretik, idazleen edo abeslarien azalpenak emango dira. Hala, Kandido Izagirre, Txomin Agirre, Luis Villasante, Salbatore Mitxelena, Antonino Ibarrondo, Manuel Umerez edota Bitoriano Gandiaga nortzuk ziren azalduko da. Baina bizirik dauden hainbat herritar ere protagonista izango dira: Joxe Mari Anduaga, Iñazio Irizar, Ruper Ordorika, Jerardo Elortza, Pello Zabala eta Iñaxio Ibarrondo.

  Lantzean behin herri antzerkiaren testua Iñazio Irizarrek taxutu du beste behin. Oraingoan, euskara baturako joera nagusi bada ere, tarteka oñatiera ere agertuko dela adierazi dute Olaitturri elkarteko kideek. Antzerkian, 20-25en bat herritarrek parte hartuko dute zuzenean eszenatokian. Eta horiek ikusi eta entzun, irailaren 24an egin ahal izango dugu, Lantzean behin herri antzerkiaren estreinakoa San Migel jaixen egitarauan jaso baita. Azken urteetan bezala, emanaldia bikoitza izango da eta Santa Ana antzokian. 19.30tan eskainiko da lehen aldiz, eta 22.30tan bigarrenez.

  Olaitturri kultur elkarteko kideak hasi dira jada Lantzean behin antzezlana prestatzen.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!