Oñatiko udala

Olaitturri elkarteak ekin dio Lope Agirreren inguruan osatutako herri antzerkia prestatzeari

2021/10/25
Card image cap
Olaitturi elkarteko hainbat kide aurreko muntaia batetan
Abenduan egingo den Hamabostaldi kulturala ixteko ekitaldia izango da

  Pandemia aurreko asmoa da Lope Agirreren figura ekarrita hamabostaldi kulturala egitearena, eta gauzak ondo, 2021a amaitu aurretik gauzatu ahal izango da. Olaitturri elkartekoak hasita daude herri antzerkia prestatzen, entseatzen, eta kultur hamabostaldia osatuko duten hitzaldiak zehaztean.

  Etzi beteko dira 460 urte Lope Agirre egun Venezuela den Barquisimeton hil zutela. Felipe IIa erregearen aurka agertu zen araoztarrak aldeko eta kontrako jarrera ugari sortu ditu lau mende luzetan. Gorrotatua bezain mirestua izan da eta miresmen hori aitortu zionetako bat Jorge Oteiza eskulturagilea izan zen. Honek esandakoetatik abiatuz osatu du Iñazio Irizarrek Olaitturri elkarteak taularatuko duen herri antzerki berria.

  Lope Agirreren estatua lanak XVI. mendeko Oñatira eramango gaitu. Araoztarraren omenez herrian estatua bat eraiki ala ez izango da antzezlanaren eztabaidagaia eta herritarren aldeko eta kontrako argudioak azalduko dira. Antzerkia abenduren 26an Santa Ana aretoan eskaini asmo da.

  Antzerki emanaldiak itxiko du bi aste lehenago hasiko den hamabostaldi kulturala. Abenduren 14an XVI. mendeko Ameriketako konkistatzaileak hitzaldia eskainiko du EHUko katedradun Oscar Alvarezek. 16an Lope Agirre, izaera poliedrikoa zeluloide zatitan hitzaldia egingo du Agustin Goenaga kazetariak eta 21ean Lope Agirre, Simon Bolivar eta Ameriketako independentzia gaia jorratuko da, baina hizlaria zehazteke dago oraindik.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!