Olabarrieta eta Asentzio arteko ibilbideko komun publikoa errepide azpiko pasabidearen ondoan, Aiastui aldean jarriko da

2020/01/27
Card image cap
Udal brigadako langileak hasi dira jada ingurua egokitzeko obra zibila egiten

  Partaidetzazko aurrekontuak prozeduran herritarren babesik handiena lortu zuen aukera da oinezkoen pasealekuetan komun publikoak jartzearena, eta gehiengoak, Olabarrieta-Asentzio ibilbidea lehenetsi zuen. Hala ere, GI-2630 errepidea hobetzeko udazkenean egin ziren lanek herritarren nahia atzeratzea eragin zuten eta halako lehenengo komun publikoa Torreauzo eta Madalena arteko ibilbidean jarri da. Pasa den ostegunean egin ziren komuna instalatzeko lanak, nahiz eta, oraindik ezin den erabili. Komunerako sarreran koxka txiki bat geratu da eta horixe egokitu behar da, erabiltzaileen segurtasuna bermatu eta komuna guztiz irisgarria egiteko. Munazategi inguruan, bidegorriaren aldamenean kokatu den komun berria erabilgarri, etzi, asteazkenetik aurrera egongo dela jakinarazi dute udal gobernu taldetik.

  Eta aldi berean, hasi dira halako bigarren komuna egokitzeko obra zibila egiten, Aiastui aldean, errepide azpiko pasabidearen ondoan. Madalenarako bidekoan egin bezala, udal brigadako langileak ari dira lursaila prestatzen. Berez garbitzen den komuna jarri ahal izateko argindarra eta ur-hornidura bertaraino eramango da eta komunaren kabina instalatzeko hormigoizko oinarria ere egokituko da.

  Osteguneko Gobernu Batzarrean erabaki zen Olabarrieta auzoan berez garbitzen den komuna hornitu eta instalatzeko kontratazioa  martxan jartzea. Munazategi inguruan jarri dena kontratatzeko zehaztu ziren baldintzak jarraituko dira oraingoan ere. Esleipena prozedura ireki sinplifikatuz egingo da. Gehienezko aurrekontua 42.350 euro izango da, esleitzeko irizpide nagusia prezioa izango da, % 75aren pisua izango duelarik, eta hornidura eta instalakuntza gauzatzeko epea 5 aste izango da. Dena den, aurrekoan gertatu bezala, epe hori moztea bereziki baloratuko den, beste hainbat hobekuntzekin batera.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!