Olabarrieta auzoan bidegorria argitzeko lanak egiten ari dira

2022/01/27
Card image cap
17 argi puntu berri jarriko dira Arrazola baserri azpitik Kurtzebideko bidegorri zatian

  Udal brigadako langileak astean hasi dira bidegorrian argiteria jartzeko obra zibila egiten, Olabarrietako auzo gunetik errepide azpiko pasabiderainoko tartean. 17 argi puntu berri jarriko dira eta lehendik zeuden lau aldatuko dira.

  Aspaldiko asmoa da bidegorriak Olabarrietan egiten duen ibilbide osoa argiztatzearena. Auzo-alkateak hala eskatu zuen, 2018ko urrian. Hariteria eta argi puntuak jartzeko obra zibila udal brigadak egingo du eta elektrizitate lanak Korostel enpresak.

  Legarrekoa baserri ingurutik aurrera, bidegorria mugatuz dagoen egurrezko baranda erabiliko da hariteria bideratzeko azpiegitura jartzeko. Baina halakorik ez dagoenean, lurrean zanga irekiz edo hormigoizko bide ertzera lotuz jarriko da hariteria pasatzeko hodia. Aldi berean, farolen oinarriak jarriko ditu udal brigadak. Obra zibila amaituta, Korostel enpresak argindar hariteria pasa eta luminariak jartzeko lanak egingo ditu. 40 W-ko 17 luminaria berri jarriko dira propio kokatuko diren faroletan eta lehendik zeuden lau argi puntu aldatu eta 80 W-ko luminaria berriak jarriko dira.

  San Lorentzotik Olabarrietarainoko bidegorria egin zenean, errepide nagusiaren aldameneko zatia argiztatu zen. Eta GI-2630 errepide azpiko pasabidean eta inguruetan ere foku eta farolak jarri zen. Baina auzo-gunetik errepide azpiko pasorainoko tartean ez dago argirik. Hutsune hori betetzera dator astean hasi diren lanak.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!