Oñatiko udala

Olabarrieta auzoan azpiko pasabidea eraikitzeko proiektuaren aldaketa onartu zen azken Osoko Bilkuran.

2015/02/11
Card image cap
Errepidearen iparraldeko zatian egokituko den arrapala pitin bat aldatzea onartu zen.

  Olabarrieta auzoan, Udanatik datorren errepidea azpitik zeharkatuko duen pasabidea eraikitzeko jatorrizko proiektuak, errepidearen iparraldeko zatian egokituko den arrapala, 196 partzelako zati handi bat hartuz egitea aurre ikusten zuen. Kontu egin behar da ordea, partzela horretan funtzionamenduan dagoen ortua dagoela eta arrapala bertatik egiteak, etorkizunean erabilera horri jarraipena ematea ezinezkoa bihurtuko lukeela.

  Beste aukera batzuk aztertu ziren eta arrapala pitin bat mugituta, ortuari eusteko aukera legokeela ikusi da. Hala, proiektua aldatu eta arrapala ondoko partzelan, 197 partzelan egokitzea erabaki da, lehen aipatutako, 196 partzelarekin muga egiten duen luzera osoan.

  Aldaketari hasierako onespena, aho batez eman zion udalbatzak urtarrilean egin zen Osoko Bilkuran.

  Proiektu aldaketa ez ezik, honek ukitzen dituen lur sailen zerrenda ere egin zen. Hasierako proiektuan zehaztu zen zerrendarekiko bizpahiru aldaketa daude bai desjabetuko diren lursailen zerrendan eta baita ere aldi baterako okupatuko direnetan ere. Horretxegatik, erabakia eta afektatutako lur sailen zerrenda Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta interesdunei jakinaraziko zaie, 15 eguneko epean, ikusten dituzten akatsak zuzentzeko alegazioak egin ditzaten.

  Bide batez, Bergarako Jabetza Erregistroan, desjabetze espediente honek ukitzen dituen finken jabari eta kargei buruzko ziurtagiria eskatuko da.

  Azken Osoko Bilkuran onartutako aldaketa hau, Olabarrieta auzoan azpiko pasabidea eraikitzeko proiektuari egindako bigarren aldaketa da. Aurrekoa, iazko uztaileko Osoko bilkuran onartu zen eta errepide azpiko pasabidearen bestaldeko arrapalari buruzko aldaketa izan zen.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!