Odola emateko mezua jaso duten odol emaileek, telefonoz deitu behar dute joango direla baieztatzeko

2020/05/15
Card image cap
Kiroldegiko pilotalekuan egingo dira odol ateraldiak, arratsaldean

  Martxoaz geroztik protokolo zorrotza jarraitzen ari da Gipuzkoako Odol Emaileen elkartea tokian tokiko odol ateraldiak burutzeko. Hainbat odol emaileei arratsaldean joateko gonbidapen zuzena egin zaie, zain dagoen jendea pilatu ez dadin. Mezua jaso duten odol emaileek joango ote diren baieztatzeko eta ordua zehazteko telefonoz deitu behar dute, mezuan adierazi zaien zenbakira. Aukeran dagoen ordutegia betikoa da, 17:00tatik 19:00tara.

  20 bat minutuko tartearekin seina odol emaileko taldeak osatzen ari dira. Odola emateko txandak Donostiatik datozen mediku eta erizainen arabera ematen dira, jendea zain egon ez dadin. Gaurko odol ateraldiok Zubikoako pilotalekuan izango dira, apirilekoak egin ziren leku berean. Bi kantxen arteko aldapatik igota, kantxa berderako sarreratik joan beharko da pilotalekura.

  Osasun alarma egoeran gauden arren, garrantzitsua da odol bankuak ondo hornituta egotea. Horregatik, urte hasieran zehaztutako egutegiari eusten dio Odol Emaileen elkarteak, hitzordu bakoitzean jarraitu behar den segurtasun protokoloa ohikoa baino zorrotzagoa da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!