Normaltasunerantz urrats berria eman da gaur San Martin egoitzan

2021/06/25
Card image cap
Irten behar diren egoiliarren bila gelaraino sartu daitezke txertatuta dauden senideak

  Hori da jarri den baldintza, txertatuta egotea, alegia. Eta ziurtagiria erakutsita egiaztatu beharko dute egoitzako arduradunen aurrean gelara sartu aurretik. Gipuzkoako egoitza guztietan gaur sartu da indarrean aldaketa.

  Irtetera doazenen bila joateko, edo bueltan laguntzeko, gelaraino sartu daitezke egoiliarren senitartekoak baina bidean ezin dira pasilloetan hizketan geratu edo egoitzako beste aretoetara sartu. Egoitzak sektorizatuta jarraitzen du, solairu ezberdinetako egoiliarren artean ez dago harremanik oraindik, kutsatzeren bat gertatzen bada, honen kontrola eta isolamendua errazagoa izan dadin. Irteera eta bisitak ere solairuka banatuta daude.

  Gaixorik daudelako gelatik irten ezin diren egoiliarrak gelan bisitatzeko aukera bazegoen lehen ere. Kasu honetan bisitariak EPIa jantzi behar du gelara sartzeko eta halaxe mantenduko da, oraingoz, San Martin egoitzan adierazi digutenez. Dena den, gutxi batzuk ei dira gelatik irten ezinda dauden egoiliarrak.

  Bestelakoan oso positiboki baloratu dute orain ate batzuk egin zien aldaketak, kalera egunero irten ahal izatea eta bisita kopurua eta maiztasuna handitu izana. Egoiliarrak alaiago daudela eta giroan sumatzen dela adierazi digu San Martingo arduradunak, nahiz eta, irteera-sarreretara lagundu beharrak arazotxoren bat sortu dien. Alde horretatik senitartekoa egoiliarren bila gelaraino sartzeko aukera emateak egoitzako langileen lana pitin bat arinduko duela espero du, nahiz eta, bisitaria txertatuta dagoela ziurtatu beharko duten aurrerantzean.

  Une honetan 79 egoiliar daude San Martin egoitzan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!