Oñatiko udala

Nerea Zubia euskara eta hezkuntza batzordeburuarekin batera, Maialen Urzelai, Beatriz Gereka eta Leire Egaña zinegotziek osatuko dute Oñatiko udalaren ordezkaritza, Goizuetan bihar ospatuko den UEMA egunean.

2012/06/08
Card image cap

   Izan ere, udalerri euskaldunen mankomunitateak egun honen baitan egingo duen batzarrean, Oñatiko udalak UEMAko kide izateko egin duen eskaera aztertuko baita.

  Oñatikoarekin batera beste lau herriren eskaerak ere mahai gainera aterako dira: Ondarru, Mañaria, Getaria eta Igantziko udalek egindakoak.

  UEMAk une honetan 61 udalerri euskaldun biltzen ditu, guztira 140.000 biztanle. Mankomunitatean sartzeko eskaera egin duten bost herriak kontutan hartuta beste 24.000 herritar batuko zaizkie. UEMAko kideen batzarra Goizuetako herriko etxean bihar goizeko 10etan hasiko da.

  Baina bestelako ekitaldirik ere izango da, hara nola, haurrentzako puzgarriak, herriko etxeak ezagutzeko ibilaldia, herri bazkaria, jokoak, dantzaldia eta kontzertua gauean. Goizeko batzarraren ondoren eta ekintza ludiko horien artean, eguerdiko ordu batetan, eguneko ekitaldi nagusia egingo da Goizuetako plazan.
UEMAko udalerriak aitzindari dira erakunde publikoek euskararen normalizazioan jokatu behar duten rolari dagokionez. Oñatik ere aitzindaritza lan horretan eragiteko eskatu du udalerri euskaldunen mankomunitatean sartzea.

  Hiru dira asmo horrekin udalak finkatu dituen helburuk: Euskara ohiturazko hizkuntza bihurtzea Oñatiko bizitza sozialaren alor guztietan, herritarrekin harreman zuzena duten esparruetan eragitea, hara nola, osasun arloan, epaitegietan edota enpresatan. Eta hirugarrenik, gure eremu geografikoan eragitea, euskararen lurgunea modu sendoan zabal dadin.

  Helburu hauek lortzeko herritarren parte hartzea ezinbestekoa da eta udaletik gonbidapen zuzena egin da bihar Goizuetan ospatuko den jaira hurbiltzeko.

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!