Nerabeen ongizatea sustatzeko Oñatin burutu den esperientzia azalduko dute Udako Ikastaroetan

2022/06/03
Card image cap
“Haur eta nerabeen obesitatea prebeni dezakegu?” mintegian aurkeztuko da

  EHUren Udako ikastaroen baitan, Haur eta nerabeen obesitatea prebeni dezakegu? mintegia egingo da ekainaren 27 eta 28an. Obesitatearen faktore erabakigarriak eta gehiegizko pisua prebenitzeko programa edo esku-hartze esperientzia ezberdinak jorratuko dira bertan. Tartean, Oñatiko POZ programaren barruan, herriko nerabeen ongizatea sustatzeko gauzatu den programaren ingurukoak azalduko dituzte udaleko kirol teknikari Rosa Lasagabasterrek, jarduera fisikoaren zerbitzuko orientatzaile Pello Uriartek eta Amaiz Diaz de Monasterioguren dietista-nutrizionistak.

  Haur eta nerabeen obesitatea XXI. mendeko osasun publikoko arazo bihurtu da. Horrek egungo gizarteari zertan eragiten dion, prebenitzeko zer egin daitekeen, dagoeneko zer egiten ari den, azaldu eta aztertuko da aurtengo Udako ikastaroetan. Eva Pereda Pereda, Gasteizko erizaintza unibertsitate eskolako irakasleak zuzenduko du mintegia.

  Adingabeekin eta haien familiekin lan egien duten profesionalei eta orokorrean herritar orori dago zuzenduta ikastaroa. Komunitatean ohitura osasungarriak sustatzeko estrategiak ezagutzea da helburua. Gizentasuna diziplinarteko ikustegitik ikusaraziko duten hizlari adituak izango dira. Hainbat hitzaldi egingo dira, ondoren, jardunaldi bakoitza amaitzeko, mahai-ingurua izango da eta lankidetza-jarduera bat ere egingo da, ikastarora doazenek modu aktiboan parte hartuko dutelarik. Ikastaroa gaztelaniaz izango da, Donostiako Miramar jauregian eta izen-ematea zabalik dago oraindik.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!