Nekazaritza ustialekuak modernizatzeko 3 eskaera diruz babestuko ditu Udalak
Ekaina hasieran zabaldu zen nekazaritza ustialekuak modernizatu eta bertako produktuak merkaturatzeko Udalak ematen dituen diru laguntzak eskatzeko deialdia. Azaroaren 30a arteko epea izan da egitasmoak aurkezteko, eta epe barruan hiru eskaera jaso dira: Ortuzabala, Pottokaleku eta Azkontegik aurkeztutakoak. Ortuzabala kontsumo taldeak, hainbat hornikuntzatarako diru laguntza eskatu du, Pottokalekuk, bigarren eskuko traktore bat erosteko eta Azkontegik, ukuilu berria eraikitzeko.
Ortuzabalarena egitasmo txikiena izanagatik, proportzioan diru laguntzarik handiena jasoko du, ekologikoan aritzeagatik eta 40 urtetik beherako nekazariak izateagatik, dagokien diru laguntza % 20 handitzen baita kontzeptu bakoitzeko. Azkontegiri ere, 40 urtez azpikoa izatea kontutan hartu zaio eta dagokion diru laguntza handiagoa izanik ere, oinarrietan finkatutako gehienezkoa, 4000 € emango zaizkio. Pottokalekuri berriz, egindako inbertsioaren % 20a emango zaio diru laguntza kontzeptuan.
Udaleko auzoak eta landa garapena departamentuak emandako diru laguntza hauek eskatzeko , 18 eta 65 urte artekoa izan behar da eta nekazaritza adarreko erdi edo goi mailako lanbide heziketako titulazioa izan behar da gutxienez, edo nekazaritza jardueran 5 urte baino gehiagoko eskarmentua. Horrela, ustialekuaren etorkizuna bermatzeko oinarrizko baldintzak betetzen direla ziurtatu nahi du Udalak. Beste hainbat baldintza ere bete behar dira, guztiak, diru laguntza hauen oinarri arautzaileen dokumentuan zehazten dira.
2015eko aurrekontuetan, 12.000 euroko partida zegoen nekazaritza ustialekuak modernizatzeko diru laguntzetarako. Onartutako hiru proiektuetara 8517 euro bideratuko dira, beraz, partida, ez da erabat agortuko.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!