Natura turismoa eta Ignaziotar lurraldea bereziki promozionatuko dituzte Oñatik eta Debagoienak FITUR azokan

2022/01/18
Card image cap
Jaurlaritzak familia turismoa sustatzen jarraituko du

  Fitur, estatuko turismo azoka garrantzitsuena, Madrilen egingo da bihartik domekara. Oñatiko ordezkaritza murritza izango da aurten, osasun egoerak hala eraginda, baina Turismo bulegoa eta Arrikrutzeko koba kudeatzen duen Oinatur enpresako ordezkari bat Madrila joango da, aurrez lotu dituen bizpahiru hitzordu betetzeko.

  Euskadiko standa handiagoa izango da aurten, 700 metrotik 900 metrora salto egingo da, eskualde ezberdinetako eskaintza hobeto aurkeztu eta erakusketa guneak segurtasun-protokolora hobeto egokitzen direla bermatzeko. Sektoreko 66 profesional eta enpresek bertaratzeko eskaera egin dute, iaz baino gehiagok.

  Standak industriaren eta naturaren ardatz egituratzailea irudikatuko du, eta horri berrikuntza gehitu zaio, aurrera begiratzen duen lurralde bat sortzeko. Diseinuak hiru termino hauek uztartzen ditu: industria, egitura metalikoak erabilita; natura, zuhaitzak, landaredia eta zurezko akaberak barne, euskal mendiak eta haranak aditzera emanez; eta berrikuntza, tunel sentsoriala sortuz. Irudi, usain eta soinuen bitartez sentsazioak eta turismo esperientzia berezi bat trasmititzea da helburua. Madrilen aurkeztuko den erakusleiho berezi horretan Oñatik eta Debagoienak urteetan landu dituzten natura turismoa, Ignaziotar lurraldea eta familiei zuzendutako esperientziak aurkeztuko dira, gastronomia ahaztu gabe, noski.

  Turismo ikuspegitik 2022a egoera normaltzeko urtea izatea nahi da. Hala aipatu zuen atzoko agerraldian Javier Hurtado Turismo, Mekataritza eta Kontsumo sailburuak. Iazko urtearen bigarren seihilabetekoan jada 2020an galdutako bisitari asko berreskuratu zituen Euskadik. Oñatirentzat ere urte garrantzitsua izan zen, bisitari kopuruari dagokionean pandemia aurreko kopuruetara iritsi ez bazen ere, gurean egindako egonaldiak luzatu baitzituzten.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!