Natur eskola inguruko urbanizazio lanak egiten ari dira
Ondo bidean, Natur eskolak ohiko egoitzan hasiko du 2021-2022 ikasturte berria, eraikina birgaitu eta energetikoki oso eraginkorra bihurtzeko lanak amaituta. Eraikin barruko obra amaituta dago, hainbat panel eta altzariz hornitu eta Natur eskolakoen material pedagogikoa kokatzea falta da, eta kanpoan, urbanizazio lanak osatu eta fitodepurazio putzua amaitzea.
Orain 10 bat egun hasi zen Arzamendi enpresa urbanizazio lanak egiten eta egun gutxiren buruan amaitzea espero da. Eskola eta Aldakiñoko zuhaiztia banatzen zituen horma erdi eraitsi da, bi eremuen arteko oztopoa desagerraraziz. Eskola ataria ere txukunduko da.
Orain bi urte eta erdi hasi ziren Natur eskola birgaitzeko lanak. Bioeraikuntza eta bioklima kontzeptuak erabiliz eraikina birgaitzeko hasierako helburua bere horretan mantendu da prozesu osoan, eta aurreikusita ez zeuden hainbat lan osagarri ere egin dira, teilatu berdea egokitzearena, esaterako. Natur eskolak betetzen duen funtzio pedagogikoa eraikinera zabaldu da, eraikina bera jasangarritasun energetiko eta ekologikoa erakusteko baliabide bihurtuz. Eta funtzio pedagogiko hori ikasturte berrian beteko du.
Natur eskolan lanak egin diren bitartean bertako hezitzaileak Eltzian egon dira eta handik koordinatu dituzte bisitan zetozkien eskolek eskatutako aktibitateak, ingurune naturalean egindako tailerrak nahiz barruko ekintzak. Orain oporretan daude baina atsedena hartu aurretik Eltzian zuten materiala Natur eskolara eraman zuten. Horixe berriro kokatu eta eraikina ikasle taldeak hartzeko prestatzea izango da irailean egin beharreko lehen lana.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!