Natur Eskola berritua inauguratu dute

2021/12/22
Card image cap
Bioeraikuntza irizpideetan oinarrituta birgaitu da, ingurumen hezkuntzan eredu izateko asmoz

  Irailaz geroztik ikasleak hartzen ari dira bertan, baina atzo inauguratu zuten ofizialki Natur Eskola berritua. Asier Iraeta ingurumen zinegotziak azaldu zuenez, bio-eraikuntza irizpideetan oinarrituta egin dituzte birgaitze lanak, natur eskolaren izaerarekin koherentea izango den eraikina egokitzeko asmoz.

  Ahalegin berezia egin da eraikina termikoki isolatzeko, eta ondorioz, energiaren kontsumoa murrizteko. Berokuntza sistemari dagokionez, gune komunetarako, su-egur bidezko inertzia handiko berogailua egin da eta ikasgelak berotzeko eguratseko energia termikoa baliatzen duen aerotermia sistema egokitu da. Teilatuko argi-zuloa ere zabaldu da, argi naturala eraikin osora sar dadin, eta komun lehorrak ere egokitu dituzte ur kontsumoa murrizteko. Ur zikinak garbitzeko fito-arazketa putzua egokitu dute eraikinaren kanpoaldean. Barne-dekorazioa ere bereziki zaindu da eta Oñatik dituen ekosistema ezberdinen erreprodukzio ikusgarriak ipini dituzte eskailera gunean.

  Natur eskolak duen eskaintza pedagogikoa osatu eta landu ahal izango da eraikina berritzerakoan erabili diren bioeraikuntza irizpide eta sistemetan oinarrituta. Natur eskolako birgaitzeak Udalak natur eskolarekin eta, oro har, ingurumenarekin eta iraunkortasunarekin daukan konpromisoa agerian uzten duela esan zuen Asier Iraeta ingurumen zinegotziak.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!