Natrako langileek lanuzteak egingo dituzte igandetik aurrera

2019/12/05
Card image cap
Enpresa hitzarmena aldarrikatzeko bi orduko lanuzteak egingo dituzte errelebo bakoitzean

  ELA sindikatuak proposatutakoa onartu du Oñatiko Natra enpresako langileen gehiengoak eta lanuzteak egingo dituzte abenduaren 8tik aurrera, sindikatuak prentsa-ohar bidez jakinarazi duenez. Lanuzteak abenduaren 8tik 19ra bitartean egingo dira eta bi orduz luzatuko dira, errelebo bakoitzean. 

  Sindikatuak dioenez, hilabeteak daramatzate enpresa hitzarmen berria negoziatzen, 6 bilera baino gehiago egin dira, baina ez dute fruiturik eman. Hauek dira langileen aldetiko eskaera nagusiak: errelebo kontratuaren gauzatzea; 4. erreleboko plusa hobetzea; kategoriaren igoera antzinatasunaren arabera; behin-behineko langileen egoera hobetzea; ultra-aktibitate mugagabea; eta KPIaren gaineko soldata igoera. Patronalak, aldiz, eskubide galera ekarriko luketen puntu atzerakoiak proposatzen dituela salatzen du ELA sindikatuak: lanaldiaren igoera edota kategoria berria langile berrientzat, malgutasuna handitzea eta absentismoaren aurkako neurriak, besteak beste.

  Igandean, gaueko txandako langileek ekingo diote hilaren 19ra arte luzatuko diren lanuzteei. Lan txanda bakoitzean bi orduko lanuzteak egingo dira.

  Azaroaren 29an egindako asanbladan onartu zuen Natrako langileen gehiengoak hitzarmenaren aldeko mobilizazioekin hastea.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!