Oñatiko udala

Natra Oñati enpresaren 2023-2025 hitzarmen kolektiboa argitaratu da gaur Gipuzkoako Aldizkarian

2024/05/24
Card image cap
NATRAko langileak greban, otsailean
Martxoaren 1ean sinatutako hitzarmena, maiatzaren 3an erregistratu zen Lan eta Gizarte Segurantzako Lurralde ordezkaritzan

  Gogoratuko duzuenez, hainbat lan-uzte eta greba egunen ondoren lortu zuten Natrako langileek 2023-2025 epealdirako lan hitzarmena adostea, enpresa zuzendaritzarekin. Horren arabera, enpresak uko egin zien ezinbestekotzat jotzen zituen malgutasun neurriei eta errelebu kontratua onartu zuen. Ultraktibitate mugagabea onartu zen eta aldizkako kontratu finkoei dagokienean, automatikoki finko mugagabe izatera pasatuko dira, 24 hilabeteko epean 18 hilabete lan egin ondoren. KPI aren pareko soldata igoera onartu zen 2023rako eta KPIa gehi % 0,9a 2024rako eta KPIa gehi %0,5 edo %1, 2025erako, KPIa %3aren goiztik edo behetik dagoenaren arabera. Laugarren txandaren plusak urte bakoitzean zenbatean jasoko diren eta 61 urtetik gorako langileak laugarren txanda horretatik kanpo gelditzeko aukera ere islatu da argitaratu berri den lan hitzarmenean. Kategorien errebisioa ere onartuta, hauek zertan gauzatzen ari diren zehazten hitzarmen kolektiboaren dokumentuan. Azken orrialdetan, kategoria profesional bakoitzari dagokion oinarrizko soldata, hitzarmen eta bestelako plus eta antzinatasun gehigarriak zehazten dira, taula ezberdinetan.

  Martxoaren 1ean adostu ziren punturik azpimarragarrienak laburbildu ditugu baina 2023-2025 hitzarmen kolektiboaren testu osoa da Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean gaur argitaratu dena, 41 orrialdeko dokumentua da. Natra Oñatiko zuzendaritzak eta langileen ordezkaritzak sinatutako lan hitzarmena Lan eta Gizarte Segurantzako Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritzan maiatzaren 3an aurkeztu eta erregistratu zen, eta halaxe jakinarazten da Gipuzkoako Aldizkarian iragarkia argitaratuta.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!