Naiara Goia Imaz izango da Arantzazuko Gizarte Berrikuntza Laborategiko zuzendaria
Naiara Goia Imaz, 42 urteko segurarra, berrikuntzan aditua da eta 20 urteko esperientzia dauka nazioarte mailan proiektu estrategiko konplexuak koordinatzen eta jakintza-alor anitzeko pertsonak zuzentzen. Bere ibilbide profesionaleko azken urteak MONDRAGON Korporazioan egin ditu, kooperatiben sarean berrikuntza sustatu eta enpresen eraldaketarako estrategiak bultzatzeko ekimenen lidergoan. Horrez gain, bertako zein nazioarteko eragile erreferenteekin gizarte berrikuntzako ekimen aitzindariak gidatzen ibili da, etorkizuneko erronken aurrean gizarteko eraldaketak lurralde mailan bideratzeko.
Euskal Herriko Unibertsitate ezberdinekin kolaboratzen du, hizlari edo irakasle moduan, gizarte berrikuntzarekin eta enpresen eraldaketari lotutako esparruetan nagusiki. Besteak beste, pertsona desberdinekin sareko lanean kolaboratzeak motibatzen du, elkarren artean guztiongan eragina duten gizarte eta ekonomia erronkak ulertu eta irtenbidea aurkitzeko. Interes berezia agertu du enpresa testuinguruan emakumearen lidergoa bultzatu eta horrek dituen abantailak agerian jartzeko lana sustatzean. Telekomunikazio Ingeniaritzan goi-mailako titulua du Naiara Goiak eta negozioen kudeaketan masterra, besteak beste. Euskara, gaztelera, ingelesa eta frantsesa menperatzen ditu.
Pasa den ostiralean onartu zuten Arantzazu Gaur Fundazioko patronatuko erakunde eta eragileek Naiara Goia Imaz Arantzazuko Gizarte Berrikuntza Laborategiko zuzendari izendatzea. Orain forma eman beharko dio Gandiaga Topagunean kokatuko den laborategi berezi honi. Gogoratu, elkarbizitza, ongizatea, lana eta aldaketa klimatikoa izango dituela aztergai nagusi Arantzazuko Gizarte berrikuntza laborategiak eta desafio nagusi horien inguruko gogoeta eta esperimentazioa bultzatuko duela.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!