Oñatiko udala

Nafarroako bandera ikurrinarekin batera jarriko da arratsaldean plaza ondoko mastan

2022/07/19
Card image cap
Bergaran goizean jarri dira bi ikurrak
“Bi ikur, herri bakarra” mozioa onartu zen ekaineko Osoko Bilkuran

  Nabarraldeko debagoiendarrak izenean aurkeztutako proposamena bere egin zuen EH Bilduk eta mozio moduan eraman zuen azken Osoko Bilkurara. Proposamena gehiengoz onartu zen, EH Bilduren aldeko botoz eta EAJren abstentzioaz. Ondorioz, Bandera nafar gorria plaza ondoko mastan jarriko da, ikurriñarekin batera.

  Gaur betetzen dira 500 urte Amaiurko gazteluan gotortuta zeuden nafarrek porrota onartu zutela. 1512ako konkistaren ostean Nafarroako Erresuma berreskuratzeko hirugarren ahalegina izan zen. Ondorengo mendeetako historiaren ondorioz, euskaldunok bandera bakarraren lekuan bi ditugula aipatzen du mozio idatziak: ikurriña eta nafarra. Zatiketa autonomikoen gainetik, eta memoria historikoa oinarri hartuta, bi ikurrek euskalnafar guztiok batzen gaituztela aldarrikatzen da. Historia gogoan Oñatin ikurrina egon ohi den lekuan nafarra ere jartzea eskatu zuten Nabarraldeko debagoiendarrek eta hala egingo da gaur arratsaldean, Amaiurko erresistentziaren bosgarren mendeurrena gogoratuz eta aldi berean, mende batzuk lehenago izan ziren euskal lurren konkista gogoratuz.

  Euskalnafarren batasuna bi ikurrak agerian jarriz irudikatzea onartu zen ekainaren 30eko Osoko Bilkuran eta hala gauzatuko da gaur arratsaldean plazan. 19:15tan bertaratzeko deia zabaldu da. Plaza ondoko mastan egon ohi den ikurrina kenduta zegoen gaur goizean baina arratsaldean ikurrina eta bandera nafar gorria masta berean aireratuko dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!