Mutilen arropa eta kirol-oinetakoak batzen ari dira Txantxiku ikastolan

2021/06/11
Card image cap
DBH-3ko ikasleek Hotz Oñati taldearekin elkarlanean antolatu dute ekimena

  Ikasturtean lantzen dituzten eduki eta gai ezberdinen aplikazio praktikoa eginez, DBH-3 mailako ikasleak Hotz Oñati taldearekin harremanetan jarri ziren, zein laguntza mota beharko luketen jakiteko. Mutil gazteentzat arropa eta oinetako beharra dutela adierazi zieten eta halakoak jasotzeko 10 eguneko kanpainari ekin berri diote ikastolako ikasleek. Ekainaren 7tik 18ra arte mutilen arropa eta kirol-oinetakoak bilduko dira Txantxiku ikastolako bigarren hezkuntzako eraikinean, hau da, plazako eraikinean eta parrokia aldeko sarreran. Materiala uzteko hainbat mahai atondu dituzte eta dagoeneko arropa eta oinetakoz betetako lehen poltsak jaso dituztela adierazi digute.

  Errefuxiatuentzako material biltzeko kanpainak eta Hotz Oñati taldearekin elkarlanean aritzea ez dira berriak Txantxiku ikastolan. Orain bi urte, 2019an, antzerako ekimena burutu zuten orduko DBH-3. mailako ikasleek. Aurten, egitasmoari berriro heltzea erabaki dute eta horretan ari dira.

  Mutilentzako arropa eta kirol-oinetakoak jasotzeko kanpaina hau beste astebetez luzatuko da, ekainak 18, datorren ostiralera arte. Materiala, ikastolaren plaza ondoko eraikinaren sarreran utzi behar da.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!