Musuko solidarioak salgai jarri ditu Oñatiko Movember taldeak

2020/11/04
Card image cap
Erosleen artean otar eder bat zozkatuko dute hilaren 30ean

  Egungo osasun egoerara moldatuta Oñatiko Movember taldeak ez du ez afaririk ezta taldeko argazkirik antolatu, ez du itxulapikorik jarriko eta biboteak konpontzeko aukerarik ere ez du eskainiko, azaroan zehar. Baina barrabiletako eta prostatako minbiziaz jabetzeko sentsibilizazio lanarekin jarraituko du bibotez apaindutako musukoak salduz eta irabaziak ikerketara bideratuz. Hala azaldu dute Oñati, Bergara, Antzuola eta Arrasateko Movember taldeek, elkarrekin, Elorregin egin duten agerraldian. Izan ere, musuko solidario hauek ere elkarrekin egin baitituzte, herri bakoitzera egokituta.

  Bibote zuridun musuko beltzak salgai daude Jon, Igone eta Sesiñena ile-apaindegitan eta Bizipoz kafean, 10 eurotan. Salmenta horretatik eskualdeko lau taldeek lortzen duten diru irabazia Zamudioko CIC BioGUNE ikerketa zentrora bideratuko da. Zentro honetan egiten den lana gizarteratzeko helburuz, hitzaldi bat antolatzeko ahaleginean ere badabiltza. Egoerak baldintzatuta, berbaldia streaming bidez egiteko aukera aztertzen ari dira. Eta Oñatin ohitura bihurtu denez, gainera, minbizia izan duen herritar batek bere testigantza emango du komunikabideetan.

  Oñatiko Movember taldeak 100 musuko egin ditu eta horiek erosten dituztenen artean Urrutxi banaketa enpresak oparitutako otar eder bat zozkatuko du, azaroaren 30an, MOVEMBER hilaren amaieran.  

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!