Oñatiko udala

Musika eta familiei zuzendutako ekintzak nagusi Gabonetako egitarauan

2022/12/12
Card image cap
Gaur hasi dira etxeetara banatzen

  Jose Angel Iturberen akuarela lanak biltzen dituen erakusketa arratsaldean zabalduz hasiko da Gabonetarako antolatu den ekintza egitarau berezia. Musika eta familiei zuzendutakoak nagusi dira baina bestelako ikuskizun eta hitzaldirik izango da. Gaur hasi eta hilaren 23ra arte, Kultur etxean Elorriaren hotsa izeneko akuarela lanen erakusketa izango da.

  Abenduaren 17an, Goazen 9.0 kontzertuaren bi emanaldi izango dira Santa Ana aretoan. Santa Anako sarrerakoan bertan Olentzero eta Mari Domingiren irudiak jarriko dira, benetako Olentzero eta Mari Domingiri zuzendutako eskutitzak jasotzeko. Astebetez izango da, abenduaren 17tik 24ra, Gabon egunean, 12:30etan Olentzero eta Mari Domingi Oñatira etorriko direlako. Otadui zuhaiztitik kalejiran joango dira plazara, bertan harrera egingo zaielarik. Egun horretan Ikastolako guraso kontseiluak prestatutako salda banatuko da plazan eta, arratsaldean, musika bandak Gabon kantak joko ditu. Errege magoei ere harrera egingo zaie, urtarrilaren 5ean, 12:00etan, Parrokian.

  Urteetan parrokian egin den Gabonetako kontzertuaren harira aldaketak izango dira aurten. Musika bandak eta Oñati, Ganbara eta Hots abesbatzek bat egingo dute abenduaren 18an, Hator Hator kontzertuan. Zubikoa kiroldegian izango da, 12:30etan. Musika bandak Errege eguneko kontzertua ere egingo du urtarrilaren 6an eta Ganbara faktoriako taldeek hainbat ikuskizun eskainiko dituzte hurrengo bi egunetan: urtarrilaren 7an  Ikustezinak musikala izango da Santa Anan, kantu eskolak antolatutaeta, eta 8an, Illuminations kontzertua Hots abesbatza eta AEquus ensemble orkestraren eskutik,
Bidaurretako monastegian. Baina aurretik, abenduraren 21ean Mikel Inuntziagaren hitzaldi musikatua izango da Santa Anan, Esperientzien gelaren programazioaren baitan, abenduaren 23an Ruper Ordorikak Amour eta Toujours kontzertua eskainiko du Gaztelekuan eta abenduaren 30ean, Spirit gospel taldearen kontzertua izango da Santa Ana aretoan.

  Santa Anan eskainiko dute Potx eta Lotx pailazoek Aireportuan muntaia berria, abenduaren 28an, emanaldi bikoitzean, 12:30etan eta 17:00etan. Bi izango dira baita ere, bertsolariak entzuteko hitzorduak Gabonetan: abenduaren 16an Tabuen kutxatik oholtzara bertso saio musikatu solidarioa Izan inurri minbizidun emakumeen elkartearen eskutik izango da, Santa Ana aretoan, 19:00etan; eta urtarrilaren 5ean Errege bezperako urteroko saioa, domekan jokatuko den bertsolari txapelketa nagusiko zortzi finalistetatik seirekin. Aitor Mendiluze, Sustrai Colina, Alaia Martin, Beñat Gaztelumendi, Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus Zubikoan izango dira.

  Ohikoa da baita ere Gabonetako jolas parkea, urtarrilaren 3 eta 4an izango da aurten. Arrikrutzen familiei zuzendutako ekintza bereziak egingo dira eta Oñatiko artisauen azoka abenduaren 18an plazan muntatuko da. 2022 ixa 2023 San Silbestrea korritzen urtea amaitzeko gonbidapena ere badakar Gabonetako egitarauak. Eta kirola ardatz hartuta, kirol boluntariotzaz mahai-ingurua egingo da abenduaren 21ean Santa Ana antzokian. Ilatargiren urteko hitzaldia berriz, 27an izango da Iñigo Arregi astrofisikariaren eskutik. Eguzkiaren aldakortasunaz berba egingo du.

  Gabonetako egitaraua etxeetara banatzen hasi dira gaur.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!