Musika eskolako triki-pandero taldeak Europako Gazteen Musika Jaialdian parte hartuko du, bihartik larunbatera

2022/05/25
Card image cap
17:30tan hartuko dute Luxenburgora eramango dituen autobusa

  Jose de Azpiazu musika eskolako 13 kidek parte hartuko dute Luxenburgon ospatuko den Europako gazteen XIV. musika jaialdian, bihartik larunbatera bitartean. Erro tradizionala sailean parte hartuko dute eta trikitixak eta panderoak Euskal Herrian izan duen tradizioa eta bilakaera erakusten saiatuko dira, lehengo eta egungo doinuak eskainiz. Oñatiarrek lau emanaldi izango dituzte. Taldea trikitixaz, panderoz, pandero karratuz eta bonbetaz osatu dute, hamar lagun guztira.
Baina 13 oñatiar abiatuko dira arratsaldeko 17:30tan Luxenburgorantz, 10 ikasle eta 3 irakasle, hain zuzen. Ohikoa baino talde txikiagoa da, aurtengo Europako gazteen musika jaialdia bera formatu txikiagoan, mugatuagoan, ospatuko delako, Covid-19a dela eta.

  Oñatiarrekin batera Bergara, Errenteria, Bilbo, Donostia eta Hernaniko musika eskoletako ordezkariak izango dira Luxenburgon datozen egunotan. 100nen bat lagun, guztira. Joan-etorriko bidaia elkarrekin egingo dute, bi autobus beteta. Gaur arratsaldean abiatuko dira eta domekan itzuliko dira.

  Jose de Azpiazu musika eskolako ikasle eta irakasleentzat ezagunak dira Europa mailako gazteen musika jaialdiak, Luxenburgokoa, parte hartzen duten laugarrena baita. Aurrez, Italian egon ziren, 2012an, Donostian, 2016an, eta Herbeheretan, 2018an. Izan ere, Bizpahiru urtean behin egiten den jaialdia baita.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!