Oñatiko udala

"Musika eskola San Martinen eraikitzea da Udalak epe motzera daukan eta eskaintzen duen aukera"

2022/11/21
Card image cap
(Arg: Jaizki Fontaneda -FOKU-)
Musika eskolaren inguruan osatu den diagnostikoaren aurkezpena egin da

  Musika eskolaren inguruan osatu den diagnostikoan hainbat puntu aztertu dira: espazioa, eskaintza pedagogikoa gaurkotzea eta gobernantza eredua. Herriko garapen demografikoaren prospekzioa egin da etorkizuneko musika eskolaren beharrak identifikatzeko. Hainbat elkarrizketa egin dira, inkesta eta galdetegiak jaso dira eta bi saio ireki ere burutu ziren Eltzian. Datu eta ondorio guztiekin diagnostikoa osatu da eta horren berri eman zen ostegunean Kultur etxean. Eztabaida, nagusiki, espazioan zentratu zen.

  Identifikatu diren beharren arabera 1300-1500 metro karratuko eraikin bat beharko litzateke musika eskola egokitzeko. Diagnostikoan balizko zortzi kokagune zerrendatzen dira. Batzuk udal jabetzapekoak dira: San Martin egoitza eta ortuen arteko orubea edo udaltzaingoaren egungo egoitza. Beste sei jabetza pribatukoak dira: agustinoen egoitza, Kantonoste, Garoa aretoa edo Bidaurretako mojen inguruko hainbat gune. Guztien egokitasuna aztertuta, Udalak, epe motzera, San Martingoa proposatzen du musika eskola eraikitzeko. Hala adierazi zuen Iñaki Olalde Kultura batzordeburuak. Badago espazioa egiteko, lursaila publikoa da, dirua badago eta bideragarria da. Epe ertain edo luzerako uztea erabakiz gero, guk ezin dugu ziurtatu gune horiek gero ere hor egongo direnik edo orain dagoen dirua ere egongo denik esan zuen Olaldek.

  EAJk iraila amaieran proposatu zuen Olaitturriko gunea ez dago diagnostiko txostenean jasota. Balizko kokapen hau proposatu zenean partaidetzazko prozesua errespetatu gabe egin zela adierazi zuen Udal Gobernu taldeak eta halakorik ezin dela onartu gaineratu zuen. Jeltzaleen ordezkaritza bat diagnostikoaren aurkezpenean egon zen eta proposatutakoa kokapen ona dela berretsi zuen, San Martinen aldean egokiagoa, errepiderik ez delako gurutzatu behar. Edozein gune aukeratuta ingurua egokitu egin beharko dela erantzun zien Olaldek eta errepide hori herritar askok egunero gurutzatzen dutela erantsi zuen.

  Beste hainbat herritarrek beraien preferentziak azaldu zituzten eta ondorengo urratsa zein den ere galdetu zen. Gaia aztertu eta erantzun bat emateko konpromisoa hartu zuela eta maiatza aurretik hala egingo duela erantzun zuen Kultura batzordeburuak. Orain arte elkarlanean aritu direla eta horrela jarraituta prozesua burutzea espero duela gaineratu zuen Olaldek. Erabakia musika eskolako batzordearen esku dagoela esan zuen eta epe motzean gauzatu daitekeen San Martingo proiektua edo epe ertain- luzera erdigunetik gertuago egon daitekeen beste balizko kokapen baten artean aukeratu beharko dutela argitu zuen, gerorako hori, une honetan, ziurta ezina dela gaineratuz.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!