Musika eskola eta Emakumeen etxea dira udal gobernuaren egitasmo nagusiak, legealdi bukaera bitartean

2021/10/20
Card image cap
2020ko likidazioa eginda bi milioi euro pasa lituzke Udalak inbertsioetarako

  Oñatiko udal gobernuak egin du 2020ko likidazio aurreikuspena eta, horrekin batera, datozen urteetarako egitasmo nagusi izango dituenak zehaztu ditu. Bi dira inbertsio handienak eskatuko dituzten proiektu estrategikoak: Jose de Azpiazu musika eskola eta Emakumeen etxea.

  Zubikoa Kiroldegia, Natur Eskola, Araozko ostatua eta irisgarritasun egitasmoak bukatuta, edo bukatzear daudela, asmo berriei ekitako puntuan dago gobernu taldea. 2020ko likidazioaren arabera 2 milioi euro pasa lituzke Udalak inbertsioei aurre egiteko. Kontu egin behar da baita ere kiroldegia eraberritzeko eskatu zen maileguaren ordainketa urtebete aurreratu ahal izan dela. Horren haritik, udal gobernuaren kudeaketa gaitasuna azpimarratu du Izaro Elorza alkateak.

  Jose de Azpiazu musika eskolaren gaiari irtenbidea eman nahi dio udal gobernuak. Irisgarritasunari eta bestelakoei begira egungo egoitza ez da egokia. Diagnostiko batekin hasiko da prozesua, eskaintza pedagogikoa aztertu, plan estrategikoa diseinatu eta hartarako beharrezko litzatekeen espazio egokia zehazteko. Emakumeen etxearen egitasmoa ere badu udal gobernuak esku artean. Berdintasunaren alorrean urratsak egiteko halako espazio bat beharrezkoa dela esan du alkateak.

  Estrategikotzat jotzen diren bi proiektu nagusi horiezaz gain badira inbertsio handiagoa edo txikiagoa eskatuko duten bestelako egitasmo batzuk ere gobernu taldearen datozen urteetarako plangintzan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!