Oñatiko udala

Musika ELTZIAri dagokion proiektuaren baitan, musika entsegu-lokalak egokitzeko lanen lizitazioari hasiera ematea aztertuko da gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean.

2015/01/22

  Lanen esleipenerako baldintza zerrenda osatu da eta horixe onartzea proposatuko zaio gaur udal gobernu taldeari, lizitazio prozesua bera abiaraziz.

  Aurtengo udal aurrekontuetan, 300 mila euroko partida jaso da ETEO eraikin zaharrean musika taldeentzako lokalak egokitzeko. Ia 600 mila euroko aurrekontu orokorra duen proiektua hiru fasetan egingo da eta aurten, 10 lokal txiki eta gela handi bat egokitzea aurre ikusten da.

  Proiektu nagusian, 13 entsegu lokal, erabilera anitzeko bi gela handi, grabazio estudio bat eta hiru biltegi egokitzea jasotzen da, guztiak, insonorizatu egingo dira.

  Baina gaur arratsaldean, esan bezala, egitasmo handi horren lehen faseko lanak lizitaziora ateratzeko baldintza zerrenda aztertuko da.

  29 gaiko lan zerrendan jaso den puntuetako bat da hori. Gaztedia batzordearen eskutik, Gaztelekuko urtarrileko programazioa eta horren baitan bihar sariak banatuz amaituko den Gaztelekuko bertso paper lehiaketaren berri emango zaie udal gobernu taldeko kideei.

  Urtarrila aurrera doan honetan bestalde, udalak, 2014ko diru kontuak kitatzen eta ixten dihardu. Horren haritik, Eskola kirolari dagokionean, 2013-2014 ikasturteko aurrekontuaren likidazioa onartzea proposatuko da. Lehen Hezkuntzako 3. mailatik gora herriko ikasleei zuzentzen zaien Eskola Kirola jardunean, ikastetxeak eta herriko kirol taldeek zuzenean parte hartzen dute. Hauekiko diru kontuen likidazioa aztertuko da gaurko tokiko gobernu batzarrean.

  Udal langileen formazioa eta hauen ordezkariak hautatzeko abenduan egin ziren hauteskunde sindikalen emaitzen berri ere emango da, besteak beste, gaurko bileran.    

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!