Mugikortasun mugatua dutenei zuzendutako bisita berezia egingo da Arrikruzko koban, igandean

2023/01/26
Card image cap
Bospasei lagunek koba ezagutzeko aukera izango dute Joelette aulkiaz baliatuta

  Irisgarritasunaren alde urrats berria emango du Lurpea kobazulo turistikoen elkarteak, Montes Solidarios elkartearekin lankidetzan. Iñaki Alonso espeleologoak urratutako bidea jarraituz, kobak mugikortasun mugatua duten pertsonei zabalduko zaizkie, Joelette aulkiak erabiliz. Lehen esperientzia Arrikrutzeko koban izango da igande goizean eta arratsaldean Ekainberrin. Baina asmoa, urtean zehar, Lurpea erakundea osatzen duten gainontzeko kobetan ere halako bisitak egitea da.

  Iñaki Alonso Indio espeleologoa orain urtebete hil zen. Oso gaixorik zegoela, Uzturreko lurrazpiko putzuak ikusi ahal izan zituen Montes Solidarios elkarteko boluntarioek lagunduta. Joelette erako aulki berezi bat erabili zuten barrunbera sartu eta bertan mugitzeko gaitasuna galdua zuen espeleologoa eramateko. Orain, Lurpea eta Montes Solidarios elkarteen ekimenez urrats berria emango da, koba eta lurrazpiko mundua ahalik eta herritar gehienei helarazteko, bereziki, irisgarritasun aldetik mugak izan ditzaketenei, bitartekoak eskainiz.

  Arrikrutzera domekan egingo diren bisita bereziak Trauti elkartearen bitartez lotu dira. Elkarteko bospasei lagun animatu dira igandean Arrikrutzeko koba ezagutzera. Horretarako bitarteko materialak, Joelette aulkiak alegia, eta pertsonalak, Montes Solidarios arabar taldeak jarriko ditu, taldeko hainbat boluntario etorriko direlako aulkien garraioan laguntzera. Gainera, Iñaki Alonso zenaren familia ere gonbidatu da.

  Bi bisita irisgarri antolatu dira, 10:45etan lehena eta 13:00etan bigarrena. Etorkizunean halako gehiago egiteko asmoa dute Arrikrutzeko kobako arduradunek. Herrian bertan badago horretarako aukera, Trauti elkarteak Joelette aulki bat erosi baitzuen iaz.

  2021ean herriko Turismo Plan Estrategiko berritu zenean jada, Oñatin turismo jasangarria eta inklusiboa garatzeko ekintza plana osatu zen. Norabide horretan doa Arrikruzko kobara domekan egingo diren bisita irisgarriak.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!